Dagoeneko bi urte dira Bertatik Bertara proiektuaren eskutik Legazpiko zaharren egoitzako sukaldean bailarako produktuak erabiltzen dituztela. Esperientzia partekatu dute Donostian
Goierri garaiko herrietan lantzen ari diren Bertatik Bertara proiektuarekin bat egiten du Legazpiko Udalak, eta horren isla da Meazti zaharren egoitzako sukaldean orain bi urtetik bertako produktuekin lanean ari direla. Udalak, Goimenekin eta Urola Garaiko Garapen Agentziarekin elkarlanean, bailarako baserrietan ekoizten diren produktuak erabilita produktuok ezagutzera emateko xedea du.
Badira urte batzuk udalak bultzatutako zozketetan edo antolatutako azoketan Bertatik Bertarako otarrak banatu nahiz postuak ipini ohi dituztela. Iaz beste urrats bat egin zuten eta Meazti egoitzan bertako baserrietako zein denda txikiek banatutako produktuak erabiltzen hasi zirela.
Meaztin egunero hamasei lagunek egiten du otordua. Urretxuko Agerre baserriko jogurtak, Legazpiko Okela harategiko haragia, eta Bertatik Bertara proiektuan sartuta dauden Legazpiko dendetako fruta eta barazkiak dira jaten dituzte; alegia, bertako baserrietako produktuak saltzen dituztenak.
Legazpiko Gizarte Zentroan ere, ahal den neurrian, bertako produktuak erabil ditzatela eskatzen die udalak ustiatzaileei eta eskaera hori kontratazio pleguen bitartez egiten dute.
Garikoitz Aiesta Legazpiko Udaleko nekazaritza teknikariak Donostian eskola-agroekologia jardunaldi batzuetan parte hartu berri du eta Meaztiko esperientzia Euskal Herriko zein Kataluniako beste eragile batzuekin partekatu du.