Emakumeenganako indarkeriaren nazioarteko egunean, 'Zapata gorriak' ekimena egingo dute Lazkaon, larunbatean. Filma, ipuin saioa eta bilkura ere badituzte
Mexikoko Ciudad Juarezen 2009an 33 zapata pare gorriz margotuta irudikatu zuten emakumeen aurka izandako sarraskia, beste hainbeste desagerketa eta hilketa salatzeko. Lazkaon, ikur horrekin gogoratuko dute larunbatean, azaroak 25, emakumeek jasaten duten indarkeria. Plazan
Zapata gorriak instalazio artistikoa egingo dute, herriko hainbat elkartek osatuta. Ikastolan eta Maizpiden etzi arte jasoko dituzte zapatak; haiek gorritu, eta, indarkeriaren lotsaizun, gizartea gorriarazi nahi dute.
«Zapatek emakumeak irudikatuko dituzte. Kolore gorriak, heriotza; baita pasioa ere», azaldu du Maizpideko Laida Begiristainek, eragileetako batek. Lazkaoko 9 elkartek eta udalaren Berdintasun Sailak prestatu dituzte ekitaldiak, azkenerako batasunik gabe jardun duten arren.
Goiz osoko ekimena izango da larunbatekoa, 11:00etatik 13:00ak artekoa. Zapatak bertan margotuko dituzte, hasieran. Kuadro erakusketa, eskulan tailerra eta gazteekin mahai-ingurua ere egingo dituzte. Giza-katearekin bukatuko dute ekitaldia, kolore morea —egunaren sinboloa— zabaltzeko.
Lazkaon, egitarau zabalagoa erantsi diote Azaroaren 25ari. Bihar, adibidez, Emakundek ekoitziriko
Volar filma emango dute Arerian, eta etzi
Ezpain gorriak ipuin kontaketa izango da, helduentzat. Elkarretaratzea ostiralean egingo dute, 19:00etan.
«Indarkeriaren gaia lehentasunezkoa dela erakustea da helburua, eta indarkeria matxista egiturazkoa dela esatea. Parekidetasuna lortu behar da, baina urruti gaude egoera horretatik. Botere harremanak eta diskriminazioak utzi behar dira», erantsi du Lazkaoko Gazte Asanbladako Irati Sanchezek.
Indarkeria kasuak Goierrin
Nazio Batuen Erakundeak 1999an izendatu zuen azaroaren 25a emakumeek jasaten duten indarkeria ikusarazteko egun. 1960ko egun horretan, Dominikar Errepublikako Rafael Trujilloren diktadurak Mirabal ahizpak hil zituen.
Urterik urte, geroz eta datu handiagoa plazaratzen da. 2016an, Goierri behealdean 34 indarkeria matxista kasu salatu ziren —Lazkaon, zazpi—. 2015etik %48 hazi zen, 11 kasu gehiagorekin.
Udalean bilera 12an
Datorren urteari begira, «egin daitezkeen ekintzak planifikatzen hasteko» eta «bidelagunak zenbatzeko», bilera batera deitu ditu Lazkaoko Udalak eragileak. Abenduaren 12an izango da, 19:00etan, udaletxean.
Emakumeenganako indarkeria gaitzesteko jarrera «egun bakarretik egunerokotasunera» eraman behar dela aurreratu du, eta Lazkaoko norbanakoekin eta eragileekin elkarlanean aritzeko nahia agertu du.
EGITARAUA
· Osteguna. ‘Volar’ filmaren emanaldia, 18:00etan, Arerian. Doan.
· Ostirala. ‘Ezpain gorriak’ helduentzako ipuin kontaketa, Oihulari Klowneko Dorleta Kortazarrek.
18:00etan, kultur etxeko aretoan. 19:00etan, elkarretaratzea.
· Larunbata. ‘Zapata gorriak’ ekimena, plazan. 11:00etan, zapata margoketa, koadro erakusketa, eskulanak.
11:30-13:00, gazteen mahai-ingurua. 13:00etan ekitaldia.