Beasaingo euskal hiztunen trena
Abenduaren 2an, euskararen erabilera indartzeko aldarrikapen festa egingo dute Gernika pasealekuko pilotalekuan, 'Txuku-mutxu...zatoz hiztunen trenera' lelopeanEuskararen Nazioarteko Egunaren harira, beasaindarrek egitasmo berri batean parte hartzeko e...
Abenduaren 2an, euskararen erabilera indartzeko aldarrikapen festa egingo dute Gernika pasealekuko pilotalekuan, ‘Txuku-mutxu…zatoz hiztunen trenera’ lelopean
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, beasaindarrek egitasmo berri batean parte hartzeko erronka bota du udalak, «euskaraz aritzeko beste jauzi bat» egiteko helburuarekin: abenduaren 2an, 10:00etan hasita Gernika pasealekuko pilotalekuan osatuko den Txuku-mutxu… zatoz hiztunen trenera! igotzea. Egun osoz dinamizatuko diren ekintza guztietan euskaraz etengabe aritzea izango da erronka eta helburua. Bukaerako ordua ahalik eta gehiena luzatu nahi dute, 22:00-23:00ak arte.Erronka hori lortzeko ahalik eta euskal hiztun beasaindar gehien bildu nahi dituzte festa giroan. Herriko hainbat kultur elkarte, kirol talde, ikastetxe eta bestelako herriko eragileek dagoeneko bat egin dute egitas-moarekin eta bertan izango dira euskararen aldeko urratsa egiten. Momentuz, bertan izango direnen zerrenda aurreratu du udalak: ikastetxeak, eskola kiroleko taldeak, Kantujira, Gaztetxea, Erromeri taldea, BKL, Bealak, antzerki taldea, Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, Goieniz zine kluba, Beasain Kirol Elkartea, Musika Eskola (Musutruk eta Hellriders taldeak, trikitilariak), Gureran eta Pho-Bo musika taldeak, Txistulari taldea eta Loinatz Abesbatza. «Beste hainbat elkarte eta eragileren parte hartzea lotu gabe dago, baina herritar guztiei egiten zaie parte hartzeko gonbita», zehaztu zuen Ane Barandiaranek atzoko aurkezpenean. Pilotalekuko oholtzatik pasako dira parte hartu nahi duten guztiek, eta bertan etenik gabe euskaraz aritzea da egun horretan beasaindarrei bota nahi zaien erronka.
Eguerdian bertan bazkaltzeko aukera izango, eta horretarako datorren asteartetik aurrera bazkari txartelak salgai jarriko dituzte Bareak elkarteko hainbat dendatan.
Euskararen erabilera sustatu eta indartu nahi dute abenduaren 2ko ekitaldiarekin. Izan ere, Beasainen azkena egindako kale neurketek eta 2016an Euskal Herri mailan euskararen kale erabilera zenbatekoa den ikusteko egindako azterketen emaitzek erakusten dutenez, «herriko kaleetan euskararen erabilera apala da, batez ere ezagutza datuarekin alderatzen badugu. Erabilera indartsu mantendu nahi bada, euskal hiztunak aktibatu eta hizkuntzaren erabileran kontziente egin behar dira», adierazi zuen Aldasorok. Norabide horretan, euskararen maratoia urtero errepikatu nahi duten ekintza berria da eta urtez urte gainditu nahiko lukete jarritako marka.
Trenaren irudia
Beasainekin eta beasaindarrekin lotura estua duen Txuku-mutxu izeneko trena izango da egitasmoaren irudia. Txuku hitza mugimenduarekin lotzen da; mutxua, berriz, hitzarekin, lagunarteko solasaldiekin. Abenduaren 2rako poltsak, pegatinak eta zapiak aterako dituzte euskararen erabileraren kontzientzia zabaltzeko.
Bestalde, Euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, 2018ko udazkenerako Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topagunea, 11 egun euskaraz egitasmoa antolatzen ari da. «Egitasmo horren bidez, 16 urtetik gorako herritarrak hizkuntza ohiturak aldatzeko eta egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten aktibatu nahi dira». Aldasoro alkateak aurreratu zuenez, Beasainek bat egingo du egitasmo horrekin eta martxotik aurrera izena emateko aukera izango dute herritarrek. «Abenduaren 2ko ekitaldiarekin, datorren urtekoa girotzea» nahi dute.