Idoia Ormazabal: «Hezkuntza oso poliki ari da haurren behar berrietara egokitzen»
Hezkuntza publikoan hezkuntza premia bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten Hezkuntza Bereziko Hezitzaileek greba dute gaur. Idoia Ormazabalek azaldu ditu arrazoiak.
Premia edo behar berriak aipatzen dituzunean, zeintzuk dira behar berri horiek? Gaur egun ez da down sindromea, edo gaixotasun arraro bat duena bakarrik hartzen premia berezitzat. Etxeko egoeraren eta gizarteko egoeraren ondorioz sortzen diren premiak, kanpotik etorri eta atzeraka gelditzen direnak… Oso-oso anitzak dira beharrak eta oso poliki ari da hezkuntza behar berrietara egokitzen. Hobeto formatutako pertsonal gehiago behar da egokitzeko, eta horretan ere inbertitu egin behar da. Gizartearen atzetik goaz. Premia berezi bat duen ume bat detektatzea, hori nola eta zein baliabiderekin landu jakiteak, denbora bat behar du eta zenbat eta lehenago konturatu, eta zenbat eta lehenago hasi, laguntzak lehenago iristen dira. Hezitzaile bakoitzak zenbateko ratioa daukazue? Gehienez hiru ume eduki ditzakegu, baina, praktikan,ume gehiagori eskaintzen diegu arreta. Umeak beharrarekin ikusten dituzunean, profesional bezala eta pertsona bezala, ume hori alde batera uztea ez zaizu ateratzen. Eguneko eta asteko lanaldia zehaztea ere eskatzen duzue. Guk egunean 9 ordu arte sar ditzakegu. Irakasleek, zazpi ordu dituzte. 2011ko lan hitzarmenaren aurre akordioan, astean gehienez, 37 ordu eta erdi sartzea lortu genuen. Eskaera horrekin batera, irakaskuntzan lan egin arren, hezitzaileon soldatak, administrazioko maila bereko kategoria berdina daukaten langileen soldatak baino baxuagoak dira. Ikastetxeetan erabakitzeko guneetatik kanpo zaudete. Bai, beti egon gara. Ez gaituzte irakasle bezala hartzen. Hala ere, hori azken batean ikastetxe bakoitzaren eskuzabaltasun, pedagogia aurreratzailearen eta langileekiko perspektibaren arabera dago, klaustro batean parte hartu edo botoa emateko aukera izatea. Gure ikastetxean ez daukagu horrelako arazorik, baina ikastetxe bakoitza eta langile bakoitza mundu bat da. Hezitzai-leon artean gero eta kexa zabalduagoa da ez gaituztela kontuan hartzen. Eta azken batean, kasu berezienekin eta behar gehien dituztenekin ordu gehien sartzen ditugun kolektiboa gara.«Hezkuntza publikoaren barruan ordezko kopuru handiena duen kolektiboa gara, %58koa»
«Gure funtzioak 1998koak dira eta eskaera eta protokoloak duela 15 urtekoak. Gizartea ikaragarri aldatu da»