Legazpi Musika Banda sortu zutela aurten 150 urte betetzen direla eta, bandako garai bateko musikariak elkartuko dituzte etzi. Kalejira eta bazkaria egingo dituzte
Araiako banda arabarraren bisita, Santikutz jaietako kontzertua, Doinua musika eskolako banda gaztearekin txupina botatzea, Austriara bidaia, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin kontzertua, Donostiako Orfeoiarekin… Aurten Legazpi Musika Banda sortu zela 150 urte bete dira eta aurreko guztiak urteurrenaren ospakizunak izan dira. Ospakizunek etenik ez dute eta etzi garai bateko bandako kideak eta egungoak kalejira bakarrean elkartuko dira. Ehun bat lagun bilduko dira Legazpiko kaleetan eguerdian.
Jesus Castillejo bandako zuzendariak azaldu duenez, «musikari batzuk ez daude jada jotzeko moduan eta gurekin batera ibiltzen joango dira kalejiran». Elkarrekin argazki bat atera eta Lau-biden bazkalduko dute. Castillejok ohar garrantzitsu bat dauka egiteko: «Bandako kide ohi guztiekin egon garela uste dugu, baina inor deialditik kanpo geratu bada, mesedez etor dadila eskatzen diogu eta barka gaitzala».
Legazpiko banda kide ohiak eta egun Legazpitik kanpo bizi diren hainbat ere itzuliko dira etziko kalejirarekin bat egiteko. Joko dituzten piezak «ohikoak» izango dira banda baten errepertorioan, «bandako kide ohiak orain hilabete etziko kalejirarako entseguak egiten ari dira gurekin».
Kale Nagusitik doazela, Migel Gurrutxaga kide ohiaren etxearen parean geldialdia egingo dutela aurreratu du Castillejok banda kideari keinu bat egiteko.