Aralar Bizirik plataformak 5.000 sinaduratik gora bildu ditu
Aralar Bizirik herritar plataformak 5.000 sinaduratik gora bildu ditu dagoeneko change.org webgunearen bitartez. Jasotako babesa «ikaragarria» dela azaldu dute eta «lehen helburua lortu» dutela jada. «Azken bi asteetan 1.000 sinaduratik gora lortu...
Sinadura bilketarako testuan, Aralarko pisten proiektua geldi dezala eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari; hartu beharreko edozein erabaki «naturaren babesaren menpe» jarri behar dela ere esan diote, beti ere ingurumen legedia errespetatuta.
Aralar Bizirik taldeak udaletxeetan aurkeztutako mozioa ere, dagoeneko 6 herritan onartu dutela gogorarazi dute. Herri horiek dira Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Ordizia eta Ataun. Amezketan puntuka bozkatu zuten mozioa; puntu horietako batzuk onartu zituzten, eta beste batzuk ez. Lazkaon, Abaltzisketan eta Beasainen, berriz, ez zuten mozioa onartu.
Proiektua auzibidean
Aurreneko pista proiektua auzibidean dagoela gogorarazi du plataformak, eta epaiketa laster izango dela. Enirio-Aralar Mankomunitateak ordea, Enirio eta Doniturrieta arteko pista zatiaren tramitazioa martxan jarria du. Aralar Biziriken ustez, «proiektu honek, aurrekoak zituen legehausteez gain, beste zenbait berri ere baditu», hala nola, «legez babestutako agin eta gorostien mozketa».
Aralarko egoeraren aurrean «kezka gizarteratzen» jarraituko dutela azaldu du plataformak. «Aralarren posible da legedia errespetatuz denontzat hobea izango den ingurune bat sortzea». Baina horretarako «borondatea» behar dela azaldu dute, eta sinadura bilketa horren bidez, ordezkari politikoei borondate hori eskatu nahi diete.
Ibilaldi gidatua
Bestalde, Aralarko basoak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu du Landarlan ingurumen elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Iñaki Aizpurua, Naturtzaindiako aditua izango da hizlaria. Abenduaren 3an, Ataungo Lizarrustiko parketxetik aterako dira 09:00etan eta lau ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute. Autobus zerbitzua ere jarri dute eta hainbat puntutan jendea jasotzen joango da, Zaldibiako plazan hasita. Azaroaren 30a baino lehen izena ematea komeni da.
Ibilaldi honi buruzko nformazio gehiago aralandarlanelkartea@gmail.com epostara idatzita edota 682 463 478 telefonora deituta.