18 lagun ospitalera eraman dituzte, baina ia denak etxean daude. Imanol Lasa eta Maite Peña diputatuek langileen, suhiltzaileen eta osasun zerbitzuen lana goraipatu dute
Lamourous-Argixao geriatrikoan piztutako suak ez du ondorio larririk izan, segurtasun neurriei eta protokoloari esker. 15 egoiliar eta hiru langile ospitalera eraman dituzte, baina ia guztiak etxean daude jada. Bakar batek jarraitzen du ospitalean, gaur kontsulta duelako.
Sua atzo piztu zen, 00:40ean, bigarren solairuko gela batean. 01:05erako itzali zuten, baina 23 pertsona aterarazi zituzten. Horietatik, 18 ospitaletara eraman zituzten kea arnastu zutelako. Donostia, Mendaro, Arrasate eta Zumarragako ospitaletara eraman zituzten. Bakarrak jarraitzen du ospitalean.
Eguerdian Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatuak geriatrikoa bisitatu zuten. Rosa Maiza Zumarragako alkateordearekin (alkatea kanpoan da), Gerardo Amunarriz Matia Fundazioko zuzendari nagusiarekin, Javi Quintas geriatrikoko zuzendariarekin eta suhiltzai- leekin hitz egin zuten. Gainera, eraikina bisitatu zuten.
Peñak «zorionez» ez zela ezer larririk gertatu azpimarratu zuen. «Alarmak ondo detektatu du kea eta langileek oso ondo erantzun dute. Oso azkar eta behar den bezala. Duela 15 egun formazio saio bat egon zen hemen bertan eta ebakuazio bat egin zuten gaurkoa bezalako egoerei aurre egiteko».
Osakidetzarekin duten protokoloak oso ondo funtzionatu zuen. «13 pertsona hemen bertan artatu dituzte eta beste 18 ospitalera eraman dituzte lehen azterketa hemen egin ondoren. Bakar batek jarraitzen du ospitalean. Langileen jarrera azpimarratu nahi dut», aipatu zuen diputatuak.
Suhiltzaileak
Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzu burua ere gustura ageri zen. «00:40ean deitu ziguten sugarrak zeudelako eta Legazpiko eta Ordiziako parkeetako suhiltzaileak etorri ziren. Gelak su hartu zuen, baina eraikina modernoa da eta, gela itxita, sua kontrolpean zegoen. Kea pasilora irten zen eta sua itzali ondoren solairu horretan bizi diren pertsonen egoera aztertu beharra izan genuen. Askok oxigeno bonbonak erabiltzen dituzte gauean eta horri esker ez dute kea arnastu».
Ondoko geletakoak eta mendekotasun handiena dutenak atera zituzten lehendabizi, bertako langileekin eta Osakidetzakoekin hitz egin ondoren. «Dena modu lasaian egin zen, sua txikia baitzen».
Horretaz gain, senitartekoei berehala deitu zieten gertatutakoaren berri emateko, urduritu ez zitezen.
Quintasek geriatrikoko langileek erakutsitako odol hotza azpimarratu zuten. Maiza eta Ramon Iturriotz udaltzain burua geriatrikora joan ziren gertatutakoaren berri izan bezain laster. «Heldu ginenerako, dena kontrolpean zegoen. Erre usaina besterik ez zen gelditzen eta garbitzaileak dagoeneko beraien lana egiten ari ziren. Protokoloak primeran funtzionatu du eta hori azpimarratu beharra dago».