Burdinola elkarteak Txinpartak aldizkariaren ale berezia aurkeztuko du bihar. Telleriarteko Arrizabal elkartean izango da, 19:00etan. Aitor Gurrutxagak Martin Ugarte Saletxeri buruz idatzitako artikulua jaso dute ale berezian.
Saletxe ezizena Telleriarteko izen bereko baserritik hartu zuen Martin Ugarte poeta legazpiarrak (1916-1996). Han jaio, hazi eta bizi izan zen. Patrizio Etxeberrian lan egin zuen bizitza osoan, baita baserrian ere nekazaritza nola artzaintza lanetan. Saletxek, bururatzen zitzaion oro idatziz jasotzeko, beti eraman zituen poltsikoan papera eta arkatza.
Burdinola elkarteak Saletxe gogora ekarri nahi du eta bihar
Txinpartak aldizkarian Aitor Gurrutxaga filologoak idatzitako
Saletxe: poeta ikusezina artikulua jasotzen duen ale berezia aurkeztuko dute Telleriarteko Arrizabal elkartean.
Gurrutxagak aspaldi etxean zeukan Saletxeren
Jatorriaren errotik liburua, «beti izan dut interesa, bitxia iruditu izan zait bere ibilbidea: Patrizion lanean, baserritarra eta idazlea, harrigarria da!». Gurrutxagak gogoratu du Saletxek Brinkolako gau eskolan ikasi zuela eta han piztu zitzaiola irakurtzeko grina. Saletxe olerkigilea izan zen batez ere, baina nobela bat ere idatzi zuen.
Jatorriaren errotik liburua sakonago irakurtzeko gogoa sortu zitzaion Gurrutxagari eta liburuaren alea ikusita bistan da irakurketa sakona egin duela gutxi baitira azpimarratu gabeko lerroak. Bi olerki luze hartzen ditu liburuak: Aizkorri Artzain poema eta Tankalaren leloa. «Bata bukolikoagoa da, artzain mundua eta natura erakusten ditu. Bestea sozialagoa da eta erroten gainbeheraren kontakizuna hartzen du». Hirugarren zati bat ere badu liburuak non Saletxek 300 bat esaera jaso zituen.
Saletxe, gerora, hiztegigintza eta etnologia esparruetan nabarmendu duten arren, Gurrutxagak poetaren sormen literarioari erreparatu dio bere artikuluan: «Alderdi horretan hutsunea dago eta nire asmoa hutsune hori betetzea izan da». Saletxeren hizkuntza «trinkoa» dela dio Gurrutxagak, «irakurtzean erne egotea eskatzen dizu, baina baditu bere zirrikituak eta nire ustez ez da esan izan den bezain barrokoa nahiz ulertezina». Saletxeren kezketako bat garai bateko bizimoduaren ahanztura izan zen, alegia, gazteek aurrekoak nola bizi izan ziren ez ezagutzea.
Hitzak hainbat argazkilarik egindako irudiekin uztartu dituzte Saletxeri buruzko lanean.