Kanpainaren helburua, Eguberrietako opariak herriko dendetan erostea da. Bonoak, zozketak, haurren parkea eta txu-txu trena dira antolatutakoak
Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntza eta babesarekin, Eguberritako kanpaina aurkeztu zuen atzo. Herri- tarrak gabonetako opariak herrian bertan erostera animatu nahi dituzte. Horretarako, merkatarientzat urteko kanpaina garrantzitsuena den honetarako, kultura eta aisia uztartu dituzte, Ordizia aukera erakargarri bihurtuz.
Hilaren 9an piztuko dituzte Ordizian Gabonetako argiak, eta horrekin batera, merkatariek beren dendak prest izango dituzte erosleei «arreta onena» emateko.
Horrekin batera, Ordizian elkarteak, udalarekin elkarlanean, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaia kuttunak agertzen diren Gabonetako posta txartel bat helaraziko du herritarren postontzietara, «erosketak Ordizian bertan egitera animatuz» Jose Inazio Iturrioz udaleko zinegotziak adierazi bezala. Horrez gain, Ordizian elkarteko saltokietan mezu bera jasoko duen pegatina jarriko dute merkatariek, bezero eta bisitariei ongi etorria emateko.
Herrian erostea, abantaila
Azkeneko urteetan bezala, Eguberritako erosketak herriko dendetan egitearen aldeko sentsibilizazio kanpainaren barruan, erosketa opari bonoak, Olentzero eta Errege Magoekin photocall-a 300 euroko sariaren zozketarekin, Gabonetako 20 saskiren eta 15 errege opilen zozketa, txu-txu trena eta haur parkea dira egin dituzten proposamenak.
Ordizian erosketa bonoa 40 euroren truke egongo da salgai merkataritza elkartearen egoitzan bertan. Bonoak, Ordizian elkarteko dendetan 50 euro kontsumitzeko balio du.
Horrez gain, lau photocall kokatuko dira Ordiziako kaleetako lau puntu desberdinetan. Herritar eta bisitariek, argazkia atera ahalko dute puntu horietan. Argazki hori 671 690 980 telefonora watsapez bidalita, 300 euroko erosketa txartelaren zozketan sartuko da bidaltzailea. Argazkiak, urtarrilaren 4a baino lehen bidali beharko dira.
Gabonetako kanpainaren barruan, erosketak Ordizian txartelarekin ordaintzen dituzten herritarren artean, berriz, 20 saski zozkatuko dira abenduaren 4a eta 23a bitartean, eta 15 errege opil abenduaren 23a eta urtarrilaren 4a bitarte.
Bestalde, abenduaren 15erako eta 16rako, haur parkea, txu-txu trena eta gildaren eguna antolatu dituzte. Haur parkea, pilotalekuan egongo da kokatuta. Trenari dagokionez, 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da martxan. Ibilbide turistiko gidatua egiteko aukera ere eskainiko du, 12:00etan eta 18:00etan. Haur parkearen eta trenaren prezioa euro batekoa izango da .
Abenduaren 27an, Gabonetako azoka berezia egingo da eta egun horretan ere martxan egongo da txu-txu trena.
Gainera, hainbat ostalaritza establezimenduk gildaren eguna egingo dute abenduaren 16an. Egun horretan, gilda pintxoa euro baten truke jarriko dute salgai.