Euskara, urtean 365 egunez
GUTUNA – Beasaingo EAJ-PNV
Horixe da aurtengo Euskararen Nazioarteko egunerako lelo eta konpromisoa. Egoki bezain beharrezkoa azken urteotan euskara dakitenen kopuruak gora egin duelako, baina euskara erabiltzen dutenen kopuruak, aldiz, askoz motelago egin duelako gora.
Horregatik, euskaraz dakigun guztioi, -Zuri eta Guri- dagokigu euskara gure ezpainetan, kaleetan, lantokietan eta eremu guztietan jartzea, erabileran baitago hizkuntzaren gakoa eta biziraupena. Norbanakoek, elkarteek, erakundeek, instituzioek eta alderdiok urteetan gogor egin dugu lan euskararen alde, euskararen normalizazioaren alde. Egungo errealitatea eta euskararen egungo egoera dira horren guztiaren lekuko eta emaitza.
Baina euskaraz pentsatu, erosi, maitatu, lan egin eta bizi nahi badugu, -Zuk eta Guk -, Euskara erabaili behar dugu gaur, bihar, abenduaren 3an, baina bereziki urteko 365 egunetan.
Euskarak gu guztion laguntza behar duelako, gizartearen eta euskal hiztun guztien babesa behar duelako. Berpiztu dezagun guztion artean euskaltzaletasunaren sua eta izan dezagun Guztiok 365 egunez euskara ahoan, kalean eta bihotzean.
– Beasaingo EAJ-PNV