Lehenengo erakundearen zuzentasun sistemari onespena eman zioten osoko bilkuran. Udal taldeek hiru mozio aurkeztu, eta hirurak onartu zituzten babes ezberdinekin
Azaroko osoko bilkura egin zuten herenegun eta bertan Legazpiko Udalaren erakundearen zuzentasun sistema lehenengo eta ondoren udal karguen kode etikoa onartu zituzten udalbatzako talde guztietako kideek aho batez.
Erantzukizuna, gardentasuna, errespetua, zintzotasuna eta zuzentasuna dira, besteak beste, kodeak hartzen dituen baloreetako batzuk. Etika batzordea ere osatuko dute, salaketak, kexak, arazoak, dilemak eta abar jasoko dituena.
Irabaziko Alberto Bezunarteak baiezko botoa emango zuela eta kodea euren «sustraiekin bat» datorrela esan zuen. Edonola ere, auzitan jarri zuen udal gobernuaren benetako atxikipena, «ironikoa da baina publikoki deitoratu ninduten Kale Nagusiko bigarren faseko lanak esleitzeko modua zalantzan jarri nuelako». Izan ere, kode etikoak udal karguak eta udalak kontratatutako empresak ere hartzen ditu aintzat, «paperak dena jaso dezake, ikusteko dago ekintzek bat egiten duten». Aitzitik, lanean hasteko «oinarri ona» dela eta baiezko botoa eman zuen.
PSE-EEko Roberto Alonsok baiezko botoa emango zuela esan zuen eta Ana Martin Urmenetak EH Bilduko zinegotzi berria da Sagrario Etxaberen ordez lanean hasi dena esan zuen, «oinarrizko dokumentu bat da, edukiz bete behar da orain. Etika batzordea osatuko da, baina nola? Nola hartuko ditu erabakiak?».
Hiru mozioak
Kontu orokorrak aho batez onartu eta gero, mozioen txanda izan zen. EAJk Kataluniako Parlamentak urriaren 27ko bilkuran hartutako erabakiak errespetatzen eta laguntzen dituela dioen mozioa aurkeztu zuen. Mozioaren kontra PSE-EEko zinegotziak bozkatu zuen, beste guztiek alde egin zuten.
Irabaziko Alberto Bezunarteak Ogasun Ministerioari eskaria egiten dion mozio batean, udalek ibilgailu elektrikoei aplikatu beharreko zergari %100eko hobaria aplikatzea eskatu zuen. Aho batez onartu zuten talde guztiek.
Hirugarren mozioaren urgentzia bozkatu zuten lehenengo eta ondoren mozio bera. Hura ere Irabazik aurkeztu zuen eta Gipuzkoan Renfek hainbat zerbitzu eten izanaren kontrako jarrera agertzen zuen mozioa da. Aurreko Aste Santutik zerbitzu batzuk ordutegiak murriztu dira eten dira eta Goierriri bereziki eragin diola esan zuen Bezunarteak. Mozioan udalbatzak Sustapen ministerioari Renferen kudeaketa hobeagoa eskatzeko galdegiten zioten. EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren eta beste guztiek alde bozkatu zuten.
Galdera-erreguen atalean Irabazik aurrekontu parte hartzaileen bestelako kudeaketa eskatu zuen, «auzotarrekin hitz eginda». Alonso sozialistak sare sozialetako udaleko soslaiak euskaraz gain gaztelaniaz egotea eskatu zuen eta EH Bildutik mugikortasunaren gaineko inkesta nahasia zela eta hobetzeko eskaera egin zuten.