Trenetik eroritako harriek kalte handia eragin dute zubipeko autoetan
Ormaiztegiko zubi parean zihoan tren batek karga galdu eta harri pila erori da zubipean dagoen aparkalekura. Kalte handia eragin die han zeuden ibilgailuei. Iluntzeko 20:00ak aldera gertatu da ezbeharra.
Lekukoek azaldu dutenez, hogeita hamar bat kotxe izan dira kaltetuak. Kristalak puskatuta eta txapa kolpatuta zuten gehienek, eta garabiekin erretiratu dituzte. Ertzaintzak ingurua itxi du, baita Gabiriara doan errepidea ere. Antza denez, merkantzia tren batek zeraman kontainerraren atea zabaldu egin da martxan zihoala, eta orduan erori da harri pila. Kiroldegia ere itxi egin dute, eta kalteak aztertzen ari dira. Gertakarien unean ez zegoen inor bertan, eta ez da zauriturik izan.
Kaltetuei Ertzaintzaren komisaldegira jotzeko eskatu diete, dagokion salaketa jartzeko.