Onartu berri dituzten ordenantza fiskaletan %0,75 igoko dituzte tasak
Aurreko irailean behin-behinean onartu eta gero, aldaketa gutxi batzuk sartu ondoren behin betiko onespena eman diete. Bozketan EH Bildu eta Irabazi abstenitu egin diraAurreko ostiralean agintaldi honetako lehenengo ez-ohiko osoko bilkura egin zuten Le...
Aurreko irailean behin-behinean onartu eta gero, aldaketa gutxi batzuk sartu ondoren behin betiko onespena eman diete. Bozketan EH Bildu eta Irabazi abstenitu egin dira
Aurreko ostiralean agintaldi honetako lehenengo ez-ohiko osoko bilkura egin zuten Legazpiko udaletxean. Gai bakarra bozkatu zuten udalbatzako kideek: 2018ko ordenantza fiskalak. Onartu zituzten EAj zein PSE-EE alderdien botoekin; EH Bildu eta Irabaziko zinegotziak abstenitu egin ziren. Salbuespenak salbuespen udal tasek %0,75eko igoera izango dute datorren urtean.Aurreko irailean behin-behinean onartutako ordenantza fiskaletan hainbat aldaketa sartu dituzte behin betiko onespena egin aurretik. Tasen igoeran aintzat hartu ohi da abuztuko KPIa eta orduan %1,5ekoa zen. Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kupoarekin zer gertatuko zen ikuskizun zegoenez, diru sail bat gordetzeko gomendioa egin zion udalari. Legazpiko kasuan sail hori 289.000 eurokoa zen. Kupoaren gaineko hitzarmena itxita, tasei %0,75eko igoera aplikatzea proposatu zuen udal gobernuak.
Onartu berri dituzten ordenantza fiskaletan Ondasunen eta Higiezinen zergan hobaria izango dute familia ugari bereziek, hain zuzen, hobaria %75 izango da lau seme-alaba baino gehiago dituzten familia berezietan; ibilgailuen gaineko zergan hobaria berbera izango dute. Ibilgailu elektrikoen zergan %75eko hobaria aplikatuko dute eta hibridoetan %50ekoa.
Berritasuna
Berritasunetako bat da irabazi asmorik gabeko erakundeek kalean ekintzak egiteko ez dutela tasarik ordaindu beharko.
Etxe barruetan egiten diren hobekuntza lanek %75eko hobaria izango dute bertan 70 urtetik gorako edo %33tik gorako gutxitasun fisikoak dituzten pertsonak bizi badira. Bikuña kiroldegian gazte tarifaz baliatu ahal diren pertsonen adina igo eta 26 urtera arte zabaldu dute, eta igerilekuko pistak zein soinketa gelak alokatu ahalko dira.
Irabaziko Alberto Bezunarteak bere abstentzioaren gainean honakoa esan zuen: «Interesgarritzat jotzen ditugu ordenantzetako zenbait puntu baina ausartagoak izan zaitezketela uste dugu, esate baterako, aldaketa klimatikoaren kontrako neurrietan». Alegazio bakar bat ere ez dietela onartu adierazi zuen.
PSE-EEko Oscar Valbuenak Meaztiko tasak eta etxez etxeko laguntzakoak ere izoztu dituztela gogoratu zuen, eta aldeko botoa emango zutela esan zuen.
Goizeko zortzietan egin zuten osoko bilkura eta EH Bilduko bi zinegotzi soilik joan ziren, besteek laneko konpromisoak zituztelako. Mikel Altzelaik hurrengo batean halako deialdi bat egin aurretik eurekin hitz egiteko eskatu zion udal gobernuari zinegotzi guztiak bertan egon daitezen. Alegazio bakarra onartu dietela esan zuen eta «ordenantzei alde positiboak eta beste batzuk ez horren positiboak» ikusten dizkietela esan zuen.