Bakearen Artisauek antolatuta Orain presoak goiburupean larunbatean Parisen egingo den euskal presoen aldeko manifestaziora 250 goierritar inguru joango dira. Batzuk autobusez egingo dute joan-etorria; bihar, Zumarragako Amalur elkarte paretik 21:30ean...
Urretxu-Zumarragan pasa den azaroan egin zuten Pariseko manifestaziorako deia.
Bakearen Artisauek antolatuta
Orain presoak goiburupean larunbatean Parisen egingo den euskal presoen aldeko manifestaziora 250 goierritar inguru joango dira. Batzuk autobusez egingo dute joan-etorria; bihar, Zumarragako Amalur elkarte paretik 21:30ean abiatuko da autobusa eta Beasaingo anbulatorio parean egingo du geldialdia, 22:00etan.
Beste batzuk, berriz, trenez joango dira, Hendaiatik, 04:36ean, antolakuntzak jarritako tren berezietan. Hendaiara joateko larunbatean, 03:00etan abiatuko dira Goierriko autobusak Beasaingo anbulatoriotik.
Euskal presoentzako eta senideentzako «salbuespen egoera bukatzea» izango da Parisera eramango duten mezu nagusia: euskal presoak hurbiltzea, gaixo diren presoak askatzea, eta baldintzapeko askatasunak eta zigor moldaketak onartzea ere eskatuko diote Frantziako Gobernuari, manifestazioan.
Otegi, gaixoen zerrendan
Bestalde, Etxeratek jakinarazi duenez, larri gaixo diren euskal preso zerrendaren kopuruak gora egin du, Itsasondoko Mikel Otegiren kasua gehitu baitiote zerrendari. Urri amaieran Otegik gradu ertaineko bihotzekoa izan zuen Ocaña II espetxean. Etxeratek gogoratu duenez, «Toledoko Virgen de la Salud Ospitalean ebakuntza jaso ostean, 48 ordu eskasetara espetxera itzularazi zuten». 14 euskal presok osatzen dute larri gaixo diren presoen zerrenda publikoa eta beste 8k beraien identitatea gorde nahi dute.