Munduko palari onenetakoak ariko dira bihar eta etzi Olaberrian lehian
Emiliano Scufka argentinarrak jokatuko du, laugarren urtez, eliteko pala txapelketan. Bihar finalaurrekoak dituzte, eta larunbatean da finala. 16 palari ariko dira, 2 arlotanLaugarren urtez jarraian, Olaberriko palariek eta zaleek goi mailako txapelket...
Emiliano Scufka argentinarrak jokatuko du, laugarren urtez, eliteko pala txapelketan. Bihar finalaurrekoak dituzte, eta larunbatean da finala. 16 palari ariko dira, 2 arlotan
Laugarren urtez jarraian, Olaberriko palariek eta zaleek goi mailako txapelketa antolatu dute. Munduko txapeldun izandako palariak gonbidatu dituzte, aurten ere, Olaberriko IV. Eliteko Pala Txapelketara. Bihar (finalaurrekoak) eta etzi (finalak) jokatuko da, Olaberriko pilotalekuan. Aurten, bi modalitatetan jokatuko da: motzean eta larruz.Denera, 16 pilotari ariko dira, maila goreneko palari amateurrak gehienak. Tartean dira bost goierritar: Josema Garrido eta Garikoitz Arrieta olaberritarrak, eta Beñat Ibarguren, Azeari Andonegi eta Xabier Ibarguren lazkaotarrak. Haiekin, Iruñeko eskolako bost pilotari, hiru bizkaitar eta baxenafar bat ariko dira.
Beste behin kartelburu —eta laugarren aldia bada—, Emiliano Skufca argentinarra ageri da. Munduko txapeldun izana da hainbat modalitatetan. «Bartzelonan bizi bada ere, ez dio uko egin aurten ere bere joko ikusgarria Olaberrian erakusteari. Skufca esperientzia handiko pilotaria da», azaldu du antolakuntzako Xabier Berasategik.
Ikuskizun paregabea berriz
«Urteko jaialdi garrantzitsuenetako bat» izatea lortu du Olaberrikoak. «Azken lau urteetan munduko pilotari onenak izan dira, eta aurten ere halaxe izango dira». Afizionatuen kalitateari, punta-puntako profesionalen distira gehituko zaio. «Ikuskizun paregabea eta goi mailako partidak ziurtatuta daude, pala gustuko dutenentzat eta gehiago ezagutzera animatzen direnentzat». Sarrera doan izango da.
Munduko Pilota Biltzarraren nazioarteko txapelketan aurten txapeldun atera diren Ibon Garate eta Imanol Agirre bizkaitarrak lehiatuko dira. Angelun jokatu berri den Munduko Kopan aritutakoak dira beste hiru: Skufca, Mikel Sanz eta Alfonso Etxabarren iruindarrak, eta 22 urtez azpiko munduko txapeldun Carlos Baeza segoviarra.