Saski Solidarioa ekimena jarri dute martxan Ordizian seigarrengoz, Hiri Hezitzailea proiektuaren barruan. Hilaren 22a bitarte egingo dute bilketa, lau puntutan
Saski solidarioa ekimena martxan jarri dute Ordizian seigarren urtez. Caritasek, Herriko ikastetxeek, Garagune zentroak, Zuhaizti gizarte zentroak eta Ordiziako Udalak elkarlanean garatzen dute ekimena, Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuaren barruan.
Kanpaina horren bidez behar gehien duten pertsonei laguntzeko elikagaiak eta bestelako materialak bilduko dituzte, eta jasotako guztia, Caritasi emango diote, urtean zehar beharra dutenen artean banatzeko. Abenduaren 22a bitarte egingo dute bilketa.
Belaunaldien arteko elkar ezagutza eta baloreen transmisioa dira Hiri hezitzailea proiektuaren helburuetako batzuk, eta dinamika horrekin gazteek elkartasunaren balioa zer den lantzen eta ikasten dute.
Zuhaiztin eta ikastetxeetan
Lau bilketa puntu jarriko dira; Zuhaizti zentroa, Urdaneta ikastetxea, Jakintza ikastola eta Oianguren institutua. Janariari dagokionez, kontserbak, olioa, esnea, arroza eta pasta dira gehien behar direnak. Horrez gain, haurrentzako esne berezia eta pardelak ere behar-beharrezkoak dira. Materialei aldetik, jostailuak, arropak eta haurrentzako karrotxoak eskatu dituzte bereziki. Baita etxeko arropak, mantak, maindireak eta bestelako gaiak ere.
Diru-laguntza emateko aukera ere badago. Horretarako, Laboral Kutxara joan beharra dago, eta lehiatilan galdetu.
Caritas, ateak irekita
Caritasen laguntza eskatu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetan egin behar dute eskaera, eta bertan emandako dokumentua bete ondoren, Caritasen aurkeztu beharko dute. Caritasek ostegunetan irekitzen ditu ateak 10:00etatik 11:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Diskrezioa nahi duten herritarrek telefonoz deitu dezakete.