Momentu gozoa bizi du Beasain KE futbol taldeak; Hirugarren Mailako sailkapenaren buru dira txuri-urdinak. Julen Etxeberria (Beasain, 1997) gaztea, talde horretako partaidea da.
Bolada onean da Hirugarren Mailako Beasain Kirol Elkartea. Lehen itzulia bukatzeko Lagun Onak eta Zamudioren aurkako partiden faltan, liderrak dira txuri-urdinak. Asteburuan ez dute partidarik, Euskadiko amateur selekzioak partida duela eta.
Bigarrren denboraldia duzu talde nagusiarekin?
Iazko denboraldian, aurre denboraldia talde nagusiarekin egin nuen eta Urtzik [entrenatzaileak] esan zidan nirekin kontatzen zuela. Denboraldia aurrera joan ahala, jokalari bat lesionatu zenez, jokatuz bukatu nuen denboraldia.
Aurreko denboraldia ez duzu ahaztuko…
Izugarria izan zen play offetakoa. Bukaeran pena izan zen, ez genuelako lortu 2. B mailara igotzea.
Aurten, lehenengo itzulia bukatzeko bi partida falta direnean, sailkapenaren buruan zaudete.
Oraingoz ondo goaz, baina denboraldi bukaerara arte ezin da ezer ere esan. Edozein momentutan partida bat galdu dezakegu, eta berriz ere borrokatu behar izan play offetako postua. Denboraldi bukaera gogorra izango da. Ondo bideratuta dago, baina edozein momentutan bolada txar bat etortzen bada, eutsi egin behar zaio. Ea bukaeran nola gauden.
Taldea ondo dago? Pablo Balerdi min hartuta dago….
Pena bat da, jokalari garrantzitsua da eta taldean. Baina badaukagu taldea aurre egiteko, eta momentuz oso ondo gabiltza. Orain beste jokalari batzuk garrantzia handiagoa hartu beharko dute. Ea ez dugun lesio gehiagorik eta denboraldi bukaeran hor goian gauden.
Zu zeu, zein postutan aritzen zara?
Euskarri postuan.
Azken urteetan, denboraldi onak egiten ari da Beasain, nahiz eta taldean jokalarien aldetik aldaketak egon. Zein da sekretua?
Ez dago sekreturik, taldea familia bat bezala da. Beste talde batzuetan ez bezala, denok ondo konpontzen gara, eta hori garrantzitsua da. Nahiz eta jende berria etorri, berdin jarraitzen du familiak. Lana ondo egiten dugu, eta emaitzak gure alde ditugu.
Iazkoa errepikatzeko eta hobetzeko gogoa izango duzue.
Errepikatzekoa behintzat bai, eta, ahal dela, hobetzekoa ere bai. Ea lortzen dugun igotzea. Berez hori ez da hori helburua, baina ikusi egin behar da nola bukatzen dugun denboraldia. Goian bukatzen badugu denboraldia, orduan bai, hori izango da helburua. Izugarrizko festa izan zen play offetakoa. Inoiz baino jende gehiago joaten zen partidetara. Ni behintzat, harrituta gelditu nintzen. Errepikatzekoa da.
Zelai berrituan ari zarete jokatzen aurten. Ondo?
Nabaritu da, bai, aldaketa. Zelaiaren egoeragatik, iaz ostikadaka, luzean, jokatu genuen, baina aurten jokoa aldatu dugu pixka bat; onerako izan da aldaketa. Baloia kontrolatzeko garaian errazagoa da eta jokatzeko aukera gehiago ematen du. Nik behintzat nabaritzen dut iaztik hona, hobeto jokatzen dugula.
Aurten, Beasaingo harrobiko jokalari gehiago zabiltzate lehenengo taldean. Harrobiko lana emaitzak ematen ari da?
Entrenatzailearekin batera, lau jokalari beasaindar gabiltza aurten, Aritz Imaz, Iglesias
Txistu, Iñigo Izagirre eta ni. Espero dut datozen urteetan beasaindar gehiago egotea. Taldeak helburu bezala hori beharko luke nire ustez.
Beasain talde guztietarako prestatzaile fisiko bakar bat egoteak laguntzen du?
Horrek ere laguntzen du, bai, jokalariak ezagutzen ditu eta gora igotzeko aukera gehiago dago.
Beasaingo Kirol Saria jasoko duzue abenduaren 29an.
Egin genuen urtea eta gero, ondo, merezi dugula uste dut.