Larsabi elkarteak akordioa itxi du Uvesco taldearekin, arkumea bertan merkaturatzeko
Euskal Herriko ardi latxa defendatu eta sustatzeko Larsabi elkarteak pauso garrantzitsua eman du latxa arkumeak bertako saltokietan komertzializatzeari begira. Izan ere, Uvesco taldearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, produkzioaren %80 Euskal Herrian saltzea espero dute. Akordioaren berri emateko agerraldia egin dute gaur, Zaldibiako Goizane zentroan.
Larsabi elkartea aurtengo uztailean sortu zuten, arkumeak era antolatu batean bildu eta komertzializatzeko. Aurtengo denboraldiko arkumeak Miranda Ebroko Carnicas Tamames enpresari saldu zizkioten, “baldintzarik onenak” berak eskaini zituelako. Aurtengo kanpainan 5.000 arkume komertzializatuko dituzte Larsabiren bidez, eta datorren urtean gehiago izango direla azaldu dute.
Aurreko urteetan, Garsabi elkartearen bidez komertzializatu izan da bertako arkumea, baina “%90 inguru Euskal Herritik kanpora” saldu zutela azaldu dute. Larsabiren helburua ordea, latxa arkumea “hemengo hiltegietan hil eta kontsumitzea” da, eta bide horretan, Uvescorekin sinatutako akordioak “garrantzia handia” izango duela uste dute, “gabonetako arkumearen portzentaia handi bat hemen bertan” komertzializatuko baita. Aurten hasitako elkarlana datozen urteetan indartzea espero dute ekoizleek.
Uvescoren bidez salduko den arkumea latxa arrazakoa izango da, ama esnearekin eta era naturalean hazitakoa. Gainera, bertako artzaien arkumea dela identifikatuko duen etiketa batekin salduko dute, kontsumitzaileak erraz bereizi ahal izan dezan.
Uvesco banaketa enpresa bat da eta 200 bat saltokitan (tartean BM eta Super Amara) zabaltzen ditu produktuak. Hego Euskal Herrian ez ezik, Errioxan, Cantabrian, Gaztela Leonen eta Madrilen ere baditu saltokiak.