Adin desberdinetako herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte larunbatean. Igandean Erauskin Auto Igoera egingo dute. Zirkulazioan aldaketak izango dira herrian
Iñigo Arrizabalaga, Ibon Arregi, Jon Esnaola, Elena Ruiz eta Angel Gurrutxaga.
Beasaingo motorzale lagun talde batek motorraren inguruko astebukaera antolatu du. Larunbatean eta igandean, herri giroa sortzeaz eta autoez gozatzeaz gain, segurtasunez eta arretaz gidatzeko kontzientzia sortu nahi dute herritarren artean. Horretarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte adin desberdinetako herritarrei zuzenduta. Larunbatean, batez ere, heziketa landuko dute eta igandean, III. Erauskingo auto igoera lasterketa jokatuko da.
Larunbatean, egun osoan, Gernika pasealeakuan, haur zein helduentzako ekitaldi ugari egongo dira helburu nagusi batekin: «Segurtasuna landu, informazioa banatu eta praktikan jarri». Lehenik eta behin, 5 eta 13 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek, Gernika pasealekuko pilotalekuan, bide heziketa ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute. «Kart elektrikoez baliatuz, errepideetako seinale, zebrabide edota oztopoen aurrean zer jarrera eduki eta zein erabaki hartu ikasiko dute. Kart elektriko horiek zirkuitu itxi batean gidatu ahal izango dituzte, bertan heziketa eta jolasa uztartuz», zehaztu dute antolatzaileek. Bestalde, Scalextric erraldoi bat eta auto telegidatuak ere egongo dira haurren gozamenerako.
Arriskuaz jabetzeko
Helduek, berriz, Gipuzkoa plazan hainbat ekintzetan parte hartuta, errepideak duen arriskuaz jabe izateko aukera izango dute. Batetik, segurtasunez gidatzeko ikastaroa egongo da zirkuitu itxi batean. «Konoak ekidin, balaztak era ezberdinean erabili eta bolantea nola maneiatu erakutsiko dira besteak beste. Gainera zorua irristakorra egingo da, horrela errealitatea ahalik eta hobekien simulatuko delarik. Ekintza hau burutzeko ez da aurretik esperientziarik behar, izen ematerakoan gida baimena aurkeztu beharko da soilik».
Bi simulatzaile ere egongo dira. Batetik, iraultze simulatzaile bat, «istripu batean autoa irauliz jasandakoa ikus ahal izango da, eta bestetik, alkoholaren eraginpean gidatzeko simulatzailea. «Simulatzaile hau leku gutxitan egon da ikusgai beraz aukera ona izan daiteke bertaratu eta aukera baliatuz probatzeko».
Horiez gain, antolatzaileek aurreratu dutenez, «herri guztian zehar hainbat stand eta autoz gozatzeko aukera izango da, hegazkin txiki baten erakusketa, lehiaketako motor bat edota autoen inguruko materiala ikusgai izango dira besteak beste». Arratsaldean, gainera, Gernika pasealekuan, igandeko auto lasterketako autoen egiaztapenak egingo dira eta «aukera ederra izan daiteke auto hauek bertatik bertara ikusi eta aztertzeko».
III. Erauskingo Auto Igoera
Igandean, berriz, duela hainbat urte egindako lasterketa berreskuratuko dute: Erauskingo III. Auto igoera. Irteera Erauskin plazan egingo da, San Martin estatua aurrean, eta helmuga Erauskin auzoan izango da. Diziplina desberdinetako Euskal Herriko eta Espainiako 35 pilotuk hartuko dute parte. Besteak beste, Txus Jaiok, Gorka Antxustegik, Joseba Iraolak eta Javi Villak. Espainiako txapelduna da Villa eta auto berriarekin ariko da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «nahiz eta txapelketa bateko proba puntuagarria ez izan, federazioaren onespena izateaz gain, ezarritako segurtasun neurri guztiak bermatuko dira».
Egitaraua
Antolakuntzatik azpimarratu nahi izan dutenez, Motorraren Asteburuak ez du inongo irabazi ekonomikorik izateko helbururik. Hori dela eta, egitarauan sartuta dauden ekintza guztiak dohainik izango dira.
Larunbatean
Gernika pasealekuko pilotalekuan. 11:00etatik 18:00etara, Kart elektrikoak erabiliz umeentzako bide heziketa, Scalextric erraldoia eta auto tele-gidatuak.
Gernika pasealekuan. 11:00etatik 20:00etara, motorrarekin lotutako stand-ak eta 16:00etatik 19:00etara, igandeko lasterketako autoak ikusgai eta horien egiaztapenak.
Gipuzkoa plazan. 11:00etatik 18:00etara, segurtasunez gidatzeko ikastaroa, iraultze simulatzailea eta alkoholoaren eraginpean gidatzeko simulatzailea.
Igandean
09:00-14:00. Erauskingo III. Auto Igoera.
Zirkulazioan aldaketak
Motorraren asteburuak eragina izango du ostiraletik igandera bitartean zirkulazioan eta aparkalekuetan. Ostiralean, 09:00etatik aurrera, Erauskin plaza eta Erauskin kale osoan aparkatzea debekatuta egongo da. Era berean, 11:00etarako, Gipuzkoa plazako aparkalekua hustu beharko da. Igandean, berriz, 09:00etatik 14:00ak arte, J.M. Iturriotz eta Esteban Lasa kaleetan filtroak jarriko dira zirkuitu eremutik kanpo bizi direnei pasoa errazteko, eta San Inazio kalea eta Erauskin plazako bidegurutzean trafikoa erabat etenda egongo da. Ondorioz, Oriamendi kalerantz joatea galarazita egongo da. San Inazion, Esteban Lasan 1etik 7ra eta 2a-2b-2c atariak eta Andre Marin 1etik 13ra bizi direnek, Andre Mari kaletik Igartetxe kalerantz joan ahal izango dute. Oriamendi kalean, Erauskin plazatik Nekolalde kaleko bidegurutzeraino bizi direnek, proba amaitu arte sartzerik ez dute izango. Probak irauten duen bitartean, Nafarroa etorbidea 1etik 25era bitartean dauden garajeetako erabiltzaileek irteera eta sarrera Barrendain plazatik izango dute.