Abenduak 7. Larraitzen gaude, kartetan hasi ezinik, Juaniren zain, baina ez da etorriko. Atzo agurtu gintuen Egun Handira arte. Zaldibiako Santa Fe eliza mukuru betea zela egin zen amona gaztearen hileta-elizkizuna (61 urte besterik ez).
Gure ustez, hiletan elkartzen dena da benetako herria. Hor ez gara oroitzen taldeen kolorez, hor denok talde bakarra gara. Juaniren hiletan ere herri bakarra elkartu ginen, Juani –bakoitzak bere erara– gogoratzera eta haren familiari solidaritatea eskaintzera; hori bai, toki askotatik etorriak, endemas ere zaldibiarrak eta amezketarrak. Izan ere Juani Goikotxeak, berez amezketarra izanik, Zaldibian eman ditu 40 urtetik gora.
Zaldibiatik etortzen zen Larraitza, inguruko lagunekin jokoan egitera, gehienetan musean, baita punttuan ere. Beti umoretsu, beti irribarretsu eta horiexek dira Juanik utzi digun herentziarik ederrena. Ez zion axola galdu ala irabazi; karta ez hain onekin tanto batzuk eduki ohi zituenean, barrezka noski, esaldi hau erabiltzen zuen beti: «Onenak eamango’u»; mus ere ez zuen inoiz esaten, baizik «behera». Batez ere, lehenengo esaldi hori geratu zaigu gogoan, eta orain guk Juani oroitzeko horixe errepikatzen dugu: «Onenak eamango’u».
Zorionez, kasik gaur arte izan dugu jokoko kide, azkeneko 8 egunak kenduta. Gogor eta fuerte egin dio aurre gaixotasunari, kexurik gabe, pazientzia, sosegu eta nortasun handiz, bere egoeraz lasai mintzatuz, lagunartean disfrutatuz. Bejondeiola!
Herriko plazan omenaldia eskaini zitzaion: txistulariak, dantzariak, soinu-joleak, eta Hegoak ebaki banizkio, elkartu ginen guztien artean abestuta. Han ere herri bakarra, elizara joaten ez direnek ere Juani omentzeko. Hunkigarria eta Juanik merezi bezalakoxea omena. Ilunak estaltzen zuen plaza, baina argia nabaritzen genuen gure barnean, Juanik islatzen zuen argia. Horrelaxe agurtu genuen, eta horrelaxe izango dugu gogoan.
–Larraizko museko eta punttuko kuadrilla (Zaldibia)