Azaroan eta abenduan bisita ugari jasotzen ari da Mirandaolako parkean Olentzero. Ikazkinak baratzerako erreminta ugari ditu eta Saharara bidaltzeko kamioia behar du.
Sahararren zati handi bat deserrian bizi da Aljeriako Tindufeko kanpalekuetan. Han baratzeak ugaritzen ari dira. Ugariak dira, baita ere, Mirandaolako parkera Olentzero ikustera iristen ari diren bisitariak. Olentzero eskakizun berezia egiten ari da aurten. Hain justu, baratzerako erreminta piloa bildu du Bellotako lantegian eta erreminta horiek guztiak Tindufera bidaltzeko irrikitan dago. Ikazkinari erremintak garraiatzeko kamioia soilik falta zaio eta hura erosteko laguntza eske dabil.
Honezkero bisitari asko pasa dira Mirandaolatik, eta nork bere ekarpena egin du horretarako prestatu duten kutxan eta kamioia lortu bidean da Olentzero. Oraindik, halere, laguntza gehiago behar du.
Izan ere, sahararren Martxa Berdetik 42 urte betetzen diren honetan, behin-behineko erbestea betikotzen ari da Tindufeko kanpalekuetan eta baratzeak lagungarri dira elikagaiz hornitzeko. Olentzeroren ezaguna da Patxi Otaegi, ofizioz soldatzailea da bera. Azken egunetan kanpalekuetan siroko haizeak gogor jo duela kontatu du eta baratzeak lantzeko erremintaz gain, negutegiak egin bidean daudela dio: «Aste Santuaren bueltan joateko asmoa dut eta soldadura lanen gaineko prestakuntza eskainiko diet». Negutegirik gabe sirokoak baratzeak birrintzen ditu.
Gaurdaino lortutako erremintak bildu, eta 32 palet osatu dituzte. Hasieran kamioi txiki batekin nahikoa izango zuela pentsatu bazuen Olentzerok, orain badaki kamioiak trailerra beharko duela. Kamioia han utziko du gero.
Patxi Otaegik ongi ezagutzen du Tinduf, eta han «nahiko gaizki» daudela azaldu du: «Animoz baxu daude, gazte jendea urduri dago eta aspertuta oso». Edonola ere, argi bat ikusi du azaro amaieran Boli Kostan Afrikako eta Europar Batasunek egin duten goi mailako bilkuran, «Fronte Polisarioko Brahim Gali idazkari nagusia eta Marokoko Mohamed VI.a erregea egon dira eta egote hutsa arrakasta izan da sahararrentzat». Urte luzeetan Marokoko erregeak betoa ezarri die sahararrei halako bilkuretan. Halaber, Otaegik gogoratu du «Marokok, Espainiak nahiz Frantziak sahararren egoera aldatu dadin ezer gutxi egin dute».
Olentzerok ez ditu sahararrak ahaztu. Badaki elikagaiak bidaltzea ez dela nahikoa eta jakin badaki aitzur batetik, magiarik egin gabe ere, zenbat elikagai atera ahal diren.
10.000 bisitari
Azaroan eta abenduan Mirandaolatik Olentzero ikustera pasako den bisitari kopurua.
Familia planak. Lenburretik familia plan ugari prestatzen ari dira arrakasta handiz. Oraindik bisitak egiteko tokia badago, baina azkar ibiltzea komeni da.