Elkartasunezko merkatu txikia egingo dute bihar eta etzi Lizeoko ikasleek
Alkartasuna Lizeoko ikasleek, Guraso Elkarteak eta Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak elkartasunezko bi ekintza antolatu dituzte abenduan: batetik, bihar eta etzi merkatu txikia, eta bestetik, Olentzero kantu eskea hilaren 24an. Bertan bil...
Atzo 5. eta 6. mailako ikasleek eman zuten prentsaurrean gogoratu zutenez, «Haitiko umeek hezkuntza mugatuta dute, beraien etxeak oso baldintza txarretan daude, inguruko beste herrialde askotan bezala. Bertako bizi baldintzak ez dira oso egokiak. Amerikako herrialderik txiroena da». Beraz, Beasainen biltzen duten dirua, «eskola eraikitzeko izango da, herrian bertan ez baitute ikastetxerik. Bertako haurrek ibilbide oso luzeak, eta askotan arriskutsuak egin behar dituzte egunero eskolara joan ahal izateko».
Loinazko San Martin plazaren azpian egingo dute elkartasunezko merkatu txikia; bihar, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azokan, aurretik eskolan bilduta dituzten eta berrarabil daitezkeen jostailuak salduko dituzte. Jostailuez gain, hainbat elkartasunezko elikadura produktu ere salgai egongo dira.
Ikasleek adierazi zutenez,» merkatu txikian ondo pasatzeaz gain, ikasketa arlo asko lantzen ditugu», beraiek izaten baitira saltzaileak. Iaz, 1.800 euro jaso zituzten Haitira bidaltzeko.
Gonbidapen bertsoa
Beasaindarrak gonbidatu nahi dituzte elkartasunezko merkatu txikian parte hartzera eta gonbidapen bertsoa kantatuz amaitu zuten prentsaurrekoa: Merkatu txikian gaude jostailuak saltzen / ume, gazte ta heldu etorri gerturatzen / Haitikoak ari dira oso oker pasatzen / Mesedetxo bat egin beraiei laguntzen.