Juan Arinen idatzi guztien bilduma argitaratuko dute hamabi liburutan
Hiru sortatan aterako du Aranzadik. Lehena, lau liburukik osatua, omenaldian aurkeztu dute. Ataungo «itzaleko altxorra» goratu dute erakundeek eta herrikideekJuan Arin Dorronsoro ikertzaile, idazle eta apaizari (Ataun, 1892-1972) omenaldi herrikoi et...
Hiru sortatan aterako du Aranzadik. Lehena, lau liburukik osatua, omenaldian aurkeztu dute. Ataungo «itzaleko altxorra» goratu dute erakundeek eta herrikideek
Juan Arin Dorronsoro ikertzaile, idazle eta apaizari (Ataun, 1892-1972) omenaldi herrikoi eta instituzional arranditsua egin zioten, astearte iluntzean, Ataungo Herri Antzokian. Jaio zeneko 125. urteurrena bete zen egunean, Ataun ikertzen burututako lan eskerga eskertu diote. Hizlari izan ziren Asier Rodriguez alkatea, Aranzadi elkartearen idazkari nagusi Juantxo Agirre, Joxe Bikuña ataundarra, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jexux Arin, familiaren izenean. Maitane Aizpurua zen aurkezle, aretoa jendez beteta zela.Txema Zubizarretak ekoitzitako bideoan laburtu zuten Arinen ekarpena eta bizitza. Espeleologia, toponimia, Ataungo baserriak, euskara, etnografia eta antzinako bizimodua bildu zituen.
Puri Arin 93 urteko ilobari, bestetik, Don Joan Txikik osaturiko zuhaitz genealogikoaren kopia oparitu zion familiak; haren izena idatzi zuen azkena.
«Zor» zitzaion omenaldia
Ataunen 1967an omendu zuten, apaizgintzan urrezko ezteiengatik. Baina ikertzaile gisa ezkutuan, ezezagun eta itzalean geratu da, Atauni buruz gehientsuen idatzitakoa den arren. «Zor genion omenaldia. Don Juan Arin bezalako altxor bat ez da sekula itzaltzen», zioen Joxe Bikuñak.
Arinen lana berrargitaratuta ezagutarazi nahi dute. Aranzadik herenegun aurkeztu zuen proiektuaren lehen fruitua: idazlan bilduma osoa; 1.200 orrialde, lau liburukitan. 50 ale bakarrik atera dituzte paperean, artxibo, liburutegi eta erakundeetarako. Formatu digitalean banatu dute.
Hiru bolumen eta 12 liburu izango ditu obrak. Bigarrena 2018an aterako dute, hiru lan argitaragaberekin: Ataungo etnografia, baserriak eta toponimia. Azkena dokumentazioarena da.
Izaskun Egigurenen 2009ko liburua berriz argitaratu du udalak, Liburu Azokarako.