Salmentek gora egin dute
Santa Lutzi feriako abelburu kopuruak behera egin duen arren, 130 saldu dira. Iazko aldean gora egin du salmentak nabarmen. Eguraldia lagun izan du feriak eta giro aparta egon daBeste Santa Lutzi feria bat joan da. Eguraldi traketsa zetorrela iragarrit...
Santa Lutzi feriako abelburu kopuruak behera egin duen arren, 130 saldu dira. Iazko aldean gora egin du salmentak nabarmen. Eguraldia lagun izan du feriak eta giro aparta egon da
Beste Santa Lutzi feria bat joan da. Eguraldi traketsa zetorrela iragarrita zegoenez, ateri egotea eta hotz handirik ez egitea albiste ona izan zen atzoko ferian. Aurreko urteekin alderatuta abelburu gutxiago egon zen Zumarragako aldean (327), baina salmentek gora egin zuten (130) eta akaso hori da azokak atzo utzi zuen albiste azpimarragarriena.Gasteizen (Araba) egun argiarekin itzartu, eta Agurainera iritsi zen atzo Zalduondoko Juan Carlos Lapuente, Gregorio Perez abeltzainari Santa Lutzi feriara laguntzeko. Apirilean jaiotako behorrak eraman zituzten azokara eta emeak saria jaso zuen. Tratuak egitera baino, sariak lortzera etorri ziren arabarrak eta sari bat patrikan pozik joan ziren. Lapuentek betidanik ezagutu du Urretxu-Zumarragako feria eta «ezkontza batera bezain pozik» etorri ohi dela zioen.
Zegaman altxatu zen atzo Migel Esnaola goizeko seiak aldera eta abereak kamioian sartuta sariak lortu nahian iritsi zen azokara; Esnaolak ere ez zuen traturik buruan. Bost behor eraman, eta saria lortzeko itxaropena kamustu zitzaion epailea pasata, saririk lortu gabe joango zela jakin zuenean. Esnaolak zelaiak garbitzeko dauzka behorrak, nahiz eta, dioenez, «mutikoak bezalakoak dira, nahi dutena baino ez dute jaten».
Goizean goiz jaikita, Alejandro Aspizua Orduñatik zetorren atzokoan, Bizkaitik. Feria aspalditik ezagutzen duen arren, lehenengo feria zuen abereekin, «gure abereak ez daude saltzeko, guretzat azoka harremanak egiteko plaza da. Probatzera etorri gara».
Juan Pablo Pokorena goiztiarrena izan zen atzokoan. Ezpeletan (Lapurdi) esnatu zen goizaldeko hirurak bueltan eta goizeko hamaiketarako lanak eginak zituen: poniak erosi zituen. «Maite dut feria hau, 35 bat urte izango dira gatozela. Garai batean gaur balio dutenaren bikoitza balio zuten poniek, egun eme bategatik 150 euro inguru ordaintzen da». Zaldien prezioak, ordea, nabarmen gora egin duela dio, %40 inguru. «Plazetan baino, orain salmenta gehienak etxetik egiten dira. Gaur hemen zaldi on gutxi dago». Ezpeletakoa artzaina da eta baserritik ateratzen du bizimodua.
Barazkiak eta fruta
Gertu-gertutik bizi dute feria Gabiriako Antoni Murgiondo eta senideek. Sari mordoxka bat jaso zuten atzokoan ere. Zumarragako plazako arkupeetan zeuden. 16 bat sagar klase zituzten postuan eta 20 bat barazki mota. Guzti-guztiak dotore-dotore jarrita. Murgiondo astero egoten da Legazpi, Ordizia eta Zumarragako merkatuetan. Aitzitik, Santa Lutzikoa berezia da eta hamar bat egun eman dituzte prestaketa lanetan. Aurten sagar asko egon da eta ugaritasun horren isla zen Murgiondotarren postua.
Maja Knopkiewicz Polonian jaio eta azken hamalau urteak Arrigorriagan (Bizkaia) egin dituen emakumea da. Atzo lehenengo aldiz ezagutu zuen Santa Lutziko feria. Loreak, frutak eta barazkiak sorta berera lotzen ditu eta Ispasterreko (Bizkaia) Igor Leteren barazki postuan jarri zituen atzo Letek saria jaso zuen. «Europako ekialdean horrenbeste hotz egiten duenez, lore sortak azkar zimeltzen dira eta frutak zein barazkiak gehitzen zaizkie loreei». Santa Lutzi feria «bizi-bizi» ikusi zuela esan zuen, «giroak eta hemengo nekazaritza kulturak harritu naute. Hemen tradizio handia dagoela nabaria da».
Mariñe Arbeok Zumarragako Agiña auzoko Martimuño baserrian amak zaintzen dituen barazkiekin postua jarri zuen atzoko ferian. Laugarren urtea da postua jartzen duela. Astero egoten da Zumarragako ohiko merkatuan. Arbeok feria gertutik bizi duela zioen, «lehen kanpotik bizi nuen eta orain barrutik, baina beti modu berezian. Guretzat Santa Lutzi jai egun bat da».
Barazki, fruta eta bestelakoen salmentek eguerdian egiten dute gora. Atzo saltzaile guztiak bat zetozen erosleek lehenengo ikusi eta ondoren erosi ohi dutela esaterakoan.
Eguerdiko ordu batak eta erdian sari banaketan parte hartu zuten, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur saileko buruak eta Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko alkateek.
Sariak Euskal Herriko lurraldeetan banatu ziren, baita Goierrin geratu ere. Nabarmentze-koak ziren Antoni Murgiondorenak barazkietan, Zaldibiako Zape elkartearenak abereetan eta bailarako abere sorta onenaren saria Jesus Lizarazu zumarragarrarentzat izan zela; eztietan zeuden hiru sariak Legazpira joan ziren.
Atentzioa eman zuen atzo-koan Ertzaintzaren presentziak. Kale nagusi guztiak ixten furgonetak jarri zituzten jaurlaritzaren Barne Sailaren aginduz, hala egiten hasi dira jendetzak biltzen diren tokietan.
Wallyren bila aritu, eta lau pertsonaiei argazkiak egin zizkieten 110 bat lagunek.