Arana familiakoek 100 urte pasa daramatzate Ordiziako azokara etortzen baserri tresneriarekin eta oinetakoekin; jatorrizko abarkak bukatzera doazela diote.
Axun Etxeberria eta Salba Cuadrado, ardi-esne botilak eskuan dituztela.
Ez zen ezustekorik izan, Urretxu-Zumarragan egiten den feria handiak bere eragina izan zuen Ordizian. Saltzaile batzuk han jarri ohi dute urtero postua eta, beraz, Ordizian dagokien tokia hutsik ageri zen eta erosle batzuk ere jai handia aukeratu zuten goiz pasarako.
Dena dela, zer kontatua ez da falta. Esate baterako, lehen ardi esne litroak salgai ziren, Zaldibiako Axun Etxeberriaren mahaian. Anaia du artzaina Axunek eta salmenta lanez arduratzen da bera. Mamia egiteko garaian sartu gara beraz. Gatzagi naturala ere izaten du eta nola erabili ederki azaltzen du, inork jakin nahiko balu, «erraz eta merke» mamia egin baitaiteke. Esne litroa 2,40 euroan zuen salgai.
Bestalde, ehiza bukatzen ari da. Atzo uso asko eskaintzen zituen Lasak, 150etik pasa, 6 eu-roan bakoitza. «Azkenetakoak dira ja; datorren astean, berriz, Gabonetako izeiak ekarriko ditugu» zioen Mikelek. Astean astekoak urtearen joanaren seinale.
Larsabi elkarteak jakinarazi digunez, joan zen asteko prezio berean saldu da aste honetan ere arkumea, kiloa 4 euroan, bizirik pisatuta. Datorren astean somatuko da Eguberriko igoera.
Joxe Mari Arana abarka saltzaileak 52 urte daramatza Ordiziako feriara etortzen.
Jatorrizko abarka bukatzen
Joxe Mari Aranak 52 urte daramatza ferian. Tolosan dute Arana oinetako denda eta Ordizian, propio egokitutako furgoneta batean agertzen du bere eskaintza. «Hirugarren gizaldia da nirea, aitonaren eta aitaren ondorengoa, 100 urtetik gora hemen». Orain, Eguberriko jantzien aitzakian hurbildu gara. Izan ere, hainbat tresnaz gain igitai, sega, aitzur, aizkora, eskuarea eta abar, oinetakoak ere baditu eta berezienak, abarkak. «Betiko abarkak, gomaz-koak, baina hauexek azkenak» zioen Aranak: «Hauek egiten zituen fabrika itxi egin da, orain ordezkoak plastikokin nahasiak egiten hasi dira»; bien arteko ezberdintasuna begi bistakoa da.
Artilezko galtzerdiak ere saltzen ditu. Eguberrietan janztekoen salmentetan antz ematen den galdetuta, «ez, baserritarrak dira gure erosleak; Gabon jantzia bai, badarama jendeak, baina mendiko zapatekin edo botekin ibiltzen dira gehienak, goitik behera janztea garai batean bezala ez da zaintzen».
Bi horiek bezala, makina bat aldaketa ezagutu ditu Aranak ferian bertan, eta zer kontatu ugari badu, aldiz erreleboa ez du ziurtatua.