Errekarte ez bota!
GUTUNA –Maddi Imaz. Beasaingo EH Bilduren izenean.
Gaurkoan Beasaingo herritar gisa hitz egitera nator, pil-pilean dugun gai esanguratsu baten inguruan, hain zuzen: Errekarte auzoan egin nahi dituzten etxebizitza berrien inguruan. Urteak igaro diren horretan, oroitzapenetan murgiltzen naiz eta 500 urte baina gehiago dituen baserria datorkit burura: Errekarte baserria. Udalaren arabera honek ez du ez ondare kutsurik ezta interes arkeologikorik ere, baina ahaztu egiten dira zenbait herritarrontzako berezi dela baserri hau, altxor bat dela.
Txikia nintzenean, errepidea gurutzatu eta hortxe nuen, hainbestetan bisitatzen nuen baserria. Bertakoak bisitatzeaz gain, oroitzen dut esne bila nola joaten ginen, baita barazkien bila ere, zuhaitzen izenak ikasi eta ukuiluan sartzen ginen. Zeinen goxo hartzen gintuzten berta-koek ahizpa eta biok. Askotan jolastu dugu trineoarekin inguruko zelaietan, sugandilak harrapatu izan ditugu, baita bertatik igarotzen den errekatxoan irudimena landu ere. Auzo lasaia, berdegunez beterikoa. Tristura ematen dit bota nahi duten horiek zenbaitentzako balio berezia duela ez ikusteak, eta are gehiago Beasain herrian geratzen den berdegune urria zanpatzeak.
Herri honetako etxebizitzen egoera lotsagarria dela esatera ausartzen naiz. Hainbat pertsonekin hitz egin ostean ideia honetaz ohartu bainaiz. Batzuk ezin diete Beasainen dauden etxebizitzen prezioei aurre egin, eta ezagutzen ditut beste herri batera bizitzera joan izan direnak. Bigarren eskuko etxeen prezioa zein alokairuena beldurgarria dela esan izan didate, eta hori ez da okerrena: 971 etxebizitza huts aurkitzen dira herrian…
Udalak, orain 114 etxebizitza berri eraiki nahi ditu «herritarrei bizitzeko aukera eskaintzeko» egiten dutela esanez. Nire galdera ondorengoa da: galdetu al digute herritarroi zer den nahi duguna? Eraikitzeko behar hori dugun? Alternatibentzako lekurik utzi al dute? Zergatik ez dituzte 971 etxebizitza horiek kontuan hartzen? Non gelditzen dira gazteentzako alokairu sozialak? Zergatik eraiki berriak eta ez zaharrak berritu? Zergatik Errekarte baserria bota eta ez beste erabilera bat eman?
Epe laburrean hasiko dira eraikitzen. Epe laburrean botako dute altxor bat. Epe laburrean txikituko dizkigute oroitzapenak. Epe laburrean urrituko dituzte berdeguneak. Epe laburrean…
«Herriak hazkunde eta garapena behar du» hauen esanetan. Hazkundera ordez interesetara mugatzen ari ez ote garenaren ustea datorkit niri burura, baina denok dakigun bezala usteak erdi ustelak omen dira.
–Maddi Imaz. Beasaingo EH Bilduren izenean.