Hainbat inbertsio lanetarako 500.000 euro bideratu dituzte 2018ko udal aurrekontuan, eta 350.000ko poltsa bat utzi. Udalaren zorra 0 izango da, mailegua kitatuko baita
Lazkaoko Udalak 7.092.842 euroko aurrekontu propioa izango du 2018. urterako. Herenegun arratsean onartu zuen udalbatzak, urteko azken osoko bilkuran, EAJren zinegotzien aldeko botoarekin. EH Bilduk aurka bozkatu du.
Aurtengo hasierako aurrekontua baino %1,3 altuagoa izango da datorren urtekoa, 94.277 euro gehiagokoa. «Legeak eskatzen duen zuhurtasunarekin egin dugu aurrekontu txostena. Sarrerak era seguruan aurreikusi dira, eta gastuen sailak ondo jasota geratu dira», azaldu zuen atzo Felix Urkola alkateak.
Udalaren diru sarreraren erdia (%50,2 zehazki) UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik iritsiko da, 3,6 milioi. Zuzeneko zergekin 1.453.000 euro bilduko ditu udalak berak.
Inbertsioetarako 850.000
Gastuen arloan, ohi bezala ondasunena eta zerbitzuena izango da diru-sail ugariena: 3,6 milioikoa. Ondoren dator pertsonal gastuena, 1,4 milioirekin.
Inbertsioetara zuzenduta, denera 850.000 euro bereizi ditu udalak. Horietatik 500.000 jada izendatu du zertarako erabili. Iturgaitzagan eta Larreategin udalak dauzkan parte hartzeen arabera urbanizazio-jarduerak egiteko 195.000 eta 70.000 euro izango dira, hurrenez hurren.
Udaletxeko teilatua konpontzeko 140.000 euro jarri ditu, egituran arazoak azaldu baitira. Baserri bideen konponketarako (64.000 euro), aurrezpen energetikorako (25.000) eta funts bibliografiko nahiz informatikoetarako (6.000) dira beste sailak.
Milioi erdiko horniduraz gain, inbertsioetarako beste 350.000 euroko poltsa utzi da. «2017ko ekitaldia itxitakoan, ondo bidean gerakina gehituko zaio horri, eta 2018an kreditu aldaketen bidez erabiliko da», dio alkateak.
Mailegua pagatzen amaitu
Bestetik, udalak 2013an hartu zuen maileguaren azken ordainketak datorren urtean egiteko aurreikuspena dago. 270.000 euro gorde dira horretarako. «Udalaren zorra zero izango da berriro 2018an».
Arloka, aurrekontuko gastuak honela banatuko ditu Lazkaoko Udalak: hezkuntza, kultura, kirol eta gizarte zerbitzuetan %39; hirigintza, zerbitzu eta ingurumenean %31; antolaketan eta administrazio orokorrean %11; mailegua ordaintzeko %4; eta inbertsioetarako %12.
Diru sail berria ere sortu du, gazteen emantzipaziorako. Gazteek etxebizitza alokatzeko diru laguntzak jaso ahalko dituzte. Urtean zehar finkatuko dituzte oinarriak eta baldintzak.
Lazkao Lantzen udal enpresan, bere aldetik, 195.000 euroko diru ekarpena egingo du udalak; entearen aurrekontuaren %21, hain justu. Iturgaitzagako garapenarekin segiko du.
Urtearen hasieran landuko ditu udalak proiektuak
Egitasmo sakonagoei dagokienez, udalak 2018aren hasieran onduko ditu proiektuak. Gurutze auzoko urbanizazio faseekin jarraituko du. Kiroldegia berritzeko behin betiko proiektua ere idatzi nahi du udalak.
Eskola kirola egiteko toki estalien beharrari, eta haur parkeak estaltzeko iritsitako eskariari ere helduko diete.
Dukearen parkeko eta meandroko mantentze plangintzak dira beste helburu bat, baita gune jakinetako garbiketa-programa bereziak ere.