Beasaingo film laburren emanaldia gaur izango da Usurbe antzokian. Bi saiotan banatuta, 17 lan proiektatuko dira. Ikusleek aukeratuko dituzte onenak
Identidad film laburreko fotograma bat.
Iritsi da Goienizen Gau Laburraren hamazazpigarren edizioa. Gaur da hitzordua Usurbe antzokian 20:00etan. Bi saiotan banatuta, jaialdi honek betetzen dituen urteen adina lan proiektuatuko dira: 17, guztiak Goienizeko kideek aurrez hautatuak 400dik gora lanen artean.
Lehen saioa 20:00etan hasiko da, eta hiru ordu laurdeneko atsedenaren ostean, 22:15ean emango zaio hasiera bigarrenari. Amaieran, ohi den bezala, lehiaketara aurkeztutako film laburren egileekin mahai ingurua egingo da, lanetan jorratutako gaiak aztertzeko.
Aurten ere ikusleak izango dira epaileak, eta emanaldien amaieran botoa emateko aukera izango dute antzokiaren sarreran jarritako kutxan. Boto gehien jasotzen dituzten film laburren egileek urtarrileko lehen eta bigarren zine emanaldiekin batera jasoko dituzte dagokien sariak. Zinearekin lotura duten zeramikako oroigarriak izango dira, udal zeramika tailerrean egindakoak.
Hamazazpi lan
Bi saio izango dira iluntzean hasita Usurben. Lehena, 20:00etakoa, hamar lanek osatuko dute:
Podeis ir en paz, Un minutito, Identidad, Areka, Cafe nunca es cafe, Agelasta, Maldita rutina, Enemigos, Silencio por favor eta
Second no more.
Bigarren saioan beste zazpi proiektatu dituzte:
Downunder, Kreba, La jaula, Esteba Torres, Run, Nunca pasa nada eta
El atraco.
Mende hasieratik
Gau Laburra mende hasieran jarri zuen martxan Goieniz zine klub elkarteak, film laburren munduari lehiaketa baten bidez bultzada emateko helburuarekin. Harrezgero, hainbat eta hainbat lan proiektatu dira Usurbeko pantailan, gehienetan egileek beraiek aurkeztuta.
Lehiaketaren epaimahaia ikusleak osatuta egoteak filmegileentzako «pizgarria» dela diote Goinezetik.