Inoizko aurrekontu «sozialenak» direla esan du Koldobike Olabide alkateak. EH Bilduk eta Irabazik kontra bozkatu dute. Agirre-Etxeberriren erabilpen hitzarmena onartu da
Legazpiko udalak 10.789.488 euroko aurrekontua onartu du 2018rako, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoei esker. Oposizioko alderdiek —EH Bilduk eta Irabazik— kontrako botoa eman diete udal gobernuak proposatutako aurrekontuei. Horrekin batera, Agirre Etxeberri eraikinean Doinua musika eskolak bere jarduna garatu dezan erabilera hitzarmena aurkeztu da urteko azkeneko osoko bilkuran. Alderdi guztien aldeko botoarekin onartu da puntu hau.
Koldobike Olabide alkateak (EAJ) asteazken iluntzeko osoko bilkuran esan zuenez, «orain artean Legazpik izan dituen aurrekonturik sozialenak dira». Bes-teak beste, 1.857.842 euro bideratuko dira gizarte zerbitzuetara; 1.296.106 kirol sustapenera; 931.884 bide publikoetara eta 720.711 hezkuntzara.
Udalak iaz baino 234.000 euro gehiago izango ditu gastatzeko. Diru partida handiena gizarte arloko gaietara bideratu da, inbertsioak murriztuz. Eguneko zentrora 585.000 euro bideratuko dira, (130.000 gehiago); etxez etxeko zerbitzura 675.000 euro, (45.000 euro gehiago); eraikinen garbiketara 54.500 euro gehiago; eta eguneko arreta zerbitzura 47.000 euro gehiago. Gainera, lorezaintza zerbitzuaren kontrataziorako 250.000 euroko partida bat sortu da.
Oposizioa kontra
Oscar Valbuena PSE-EEko zinegotziak bi alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— sinatutako akordioa aurrekontu hauetan errespetatu dela esan du. Inbertsioen ata-lean PSE-EEk proposatutako Laubideko hainbat obra eta kanpoko igerilekuko itxitura lanak azpimarratu ditu. «Auzoetan irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak garrantzitsuak dira. Le-gealdi honetan, inbertsioei dagokienean, hirigunearen eta auzoen arteko oreka lortu dugu sozialistok», esan du.
Gizarte gaietan ere sakondu dela nabarmendu du Valbuenak. 2018rako erronken artean «turoretzapeko pisu gehiago sortzea» dagoela aurreikusiz amaitu du.
Oposizioko alderdiek, aldiz, aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu zuten asteazkeneko bilkuran. EH Bilduko Rakel Puente zinegotziak esan duenez, arrazoiak bat baino gehiago izan dira, baina nagusiena, «lorezaintzako zerbitzua guztiz pribatizatu izana» izan da.
Hala, sei emendakin aurkeztu zituen alderdi abertzaleak, besteak beste «lorezaintzako zerbitzua publiko egiteko», eta udalak alokairuan gastatzen duen dirua murriztera bideratuta: «Gabonetako argiak edo papertegiko aparkalekuaren lurzorua erosteko partidak sortzeko», adibidez.
Irabazik ere kontra bozkatu zuen EH Bilduren arrazoi berdinak tarteko. Aipatutako puntuez gain, Alberto Bezunartea ordezkariak «aurrekontuetan beste alderdien ekarpenak ez onartzea» leporatu zien EAJri eta PSE-EEri. Benetako aurrekontu parte hartzaileak martxan jartzeko borondatea ere eskatu zuen.