Etzegaraten, Andoainen eta Irunen jarritako arkuen bidez kobratuko da. ViaT ez duten garraiolariek alta eman beharko dute. Urtarrilaren 2tik 9ra garraio zerbitzuan lanuztea deitu dute
N-1 errepideko bidesariak badu abiatzeko eguna. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 9an 00:00ean hasiko dira bidesaria kobratzen errepide hori zeharkatzen duten 3,5 tonatik gorako pisua duten garraiorako ibilgailuei.
Kobraketa Etzegarate gai-nean, Andoainen eta Irunen jarri dituzten arkuetan egingo da automatikoki, Via-T edo bidesariarekin batera ezarriko den AT sistemaren bitartez.
Alta emateko guneak
Garraiolariek ezin izango dute bidesaria diruz ordaindu, eta alta eman beharko dute Via-T edo baliokiderik ez badute. Urtarrilaren 3an Bidegiren webgunean irekiko dute horretarako atala.
Ibilbidean zehar, bestalde, bost kiosko irekiko dituzte tramite hori egiteko, eta lehen egunetan garraiolariek bertako langileen laguntza izango dute. Etzegarateko zerbitzugunean, Alegiko zerbitzugunean (Gasteizko noranzkoan), bezeroen arretarako Aritzea gunean (Gi-20 errepidean) eta Oiartzungo zerbitzuguneko bi noranzkoetan (AP-8an) egongo dira.
Diputatuaren esanetan, garraiolarien %92k erabiltzen dute Via-Ta autopistetako bidesariak ordaintzeko eta ondorioz, gutxi izango dira AT sistema berrian alta eman beharko dutenak.
12.000 kamioitik gora
Egunero, 12.000 ibilgailu astunek zeharkatzen dute N-1 errepidea, horietatik %60 atzerritarrak. Bidesariaren helburua, 12.000 kamioi horiek guztiek ordaintzea da. «Orain arte gipuzkoarrok bakarrik ordaindu dugu errepidearen kostu osoa, baina bidesari berriarekin, Gipuzkoa zeharkatzen duen eta bertakoa ez den trafiko astunaren %60 horrek ere ordainduko du», azaldu zuen Aintzane Oiarbidek iazko abenduan bidesariaren ezarpena baimentzen zuen Foru Araua onartu zenean.
Bidesariarekin urtean bederatzi milioi euro bilduko ditu diputazioak, eta N-1eko eta A-15eko azpiegiturak mantentzeko gastuak ordaintzeko erabiliko ditu.
Garraiolarien greba
Bidesariaren aurka, lanuztea deitu dute Espainiako Garraiolari Elkarteen Federaziotik urtarrilaren 2tik 5erako. Egun horietan, Gipuzkoan salgaien garraio zerbitzua bertan behera uztea eskatu dute. Guitrans Gipuzkoako elkarteak eta Hiru garraiolarien sindikatuak ez dute bat egin, bidesariaren aurka egon arren. «Berandu» dela argudiatu dute, eta geldialdiak «foru aldundiari baino gehiago, gipuzkoarrei egingo diela kalte» esan dute.