«Estudioan ez dut kobratzen, baina poza irabazten dut»
Musikaren munduan murgilduta dago 15 urte zituenetik. Otegi (Legazpi, 1980) Elbereth taldean aritu da eta Subeltza kolektiboko estudioa kudeatzen du. Ulman egiten du lan.Informatikaria zara ikasketaz eta lanbidez. Nondik musikarekiko zaletasuna?Gaztetx...
Musikaren munduan murgilduta dago 15 urte zituenetik. Otegi (Legazpi, 1980) Elbereth taldean aritu da eta Subeltza kolektiboko estudioa kudeatzen du. Ulman egiten du lan.
Informatikaria zara ikasketaz eta lanbidez. Nondik musikarekiko zaletasuna?Gaztetxoa nintzela murgildu nintzen musikaren munduan. Gurea kuadrilla handia zen eta goiz hasi ginen jotzen. Aurrera eta atzera ibiltzen ginen gitarrarekin. Garai hartan Motxorro kolektiboa zegoen Legazpin, baina tokirik ez zen lokalean eta beste elkarte bat sortu genuen, hain zuzen egungo Subeltzaren aurrekoa.
Hasieran Legazpiko Udalak utzitako lokal batzuetan, Gaztetxe ondoan, egon ginen. Urte dezente egon ginen han, ondoan etxebizitzak egin behar zituztela eta eraikina bota behar zutela esan ziguten arte. Eraikin hura ez zuten sekula eraitsi, baina udalarekin batera beste gune baten bila hasi ginen eta Motxorro industrialdeko zazpigarren pabilioira aldatu ginen; egun Subeltza dagoen tokia.
Nolakoak izan ziren hasiera haiek?
Tokia ez zegoen batere moldatuta eta apurka entseguak egiteko espazioak prestatu genituen. Udalak proiektua egiteko aukera eman zigun eta gune bat estudio izateko utzi genuen; kristala baino ez zioten jarri eta luzaroan hutsik egon zen, insonorizatu gabe sikiera.
Hasi ginen lokaletan entseguak egiten, baina estudioa nola prestatu ez genuen oso garbi. Duela lau urte eta erdi inguru atondu genuen estudioa eta orduz geroztik bertan grabazioak egiten ditugu.
Estudio horretako lemazaina zara, ezta?
Ikastaroak egin nituen grabatzen ikasteko. Egun ordenagailuz denetarik egin daiteke, etxean bertan ere grabatu daiteke. Poliki-poliki hasi ginen lan batzuk egiten, geure gauzak grabatzen… Elbereth taldean gitarra jotzen nuen, baina taldea utzi nuen estudio lanei ekiteko. Egun ni naiz ekipoaren arduraduna; Iñaki Gurrutxaga ere aritzen da grabazio lanetan. Zumarragako Barrunbadao taldearen lana grabatzen ari gara, Arraio Legazpiko taldearen lehen lana ere hemen grabatu dugu. Oñatiko Kimera taldea hemendik pasa da orain gutxi.
Zuena, halere, ez da oraingoz estudio profesional bat.
Ez. Gurera etortzea ez da estudio profesional batera joatea bezala. Hemen interesa sortzen diguten proiektuak grabatzen ditugu eta Subeltza barruko taldeei lehentasuna ematen diegu. Bestelakoan, musika taldeek gurekin egin ahal dituzte estudio profesional batera joan aurretik beharrezkoak diren frogak. Esate baterako, Vancouver eta One Way taldeek hemen grabatu zuten Beasaingo estudio profesionalean grabatu aurretik; areago, Beasaingo estudiora grabazio bat eraman behar zuten derrigor. Hemen grabatzen ditugunak zirriborroak direla esan liteke.
Edonola ere, ez al dira kalitate handiko zirriborroak?
Bai, eta Subeltzan bertan kalitate oso handian grabatzeko aukera izatea luxua da.
Legazpiko hainbat elkarterekin elkarlanak egin dituzue.
Bai. Joxe Arizkorretarekin batera Herriarteko Bertso Txapelketako sintonia grabatu genuen, Domingo Agirre eskolako ikasleekin eta Jesus Castillejo Legazpiko Musika Bandako zuzendariarekin ere aritu gara lanean.
Elbereth taldean jotzen zenuela esan duzu eta estudio lanak egiteko utzi zenuela gehitu ere. Zergatik?
Talde batean sartzen zarenean zure alea jarri nahi duzu eta, une jakin batean, nik ez nuen taldean nire tokia aurkitzen. Estudioan, berriz, proposamenak, ekarpenak, moldaketak eta abar egin ditzaket; hala egin nola jaso eta hori oso aberasgarria da. Horrez gain, bertsoak, punk zein rock&roll-a, bandako musika… Denak landu daitezke hemen!
Estudioan grabatzen duzun horren parte sentitzen zara eta beti dago zer ikasia.
Estudioko lanak denbora eskatuko dizu, ala?
Bai, hala da. Jotzeko baino denbora gehiago behar duzu. Aitzitik, jasotzen duzuna ere askoz gehiago da. Nik beste zaletasunik ez dut eta lanetik kanpo estudiora emana nago. Ulman informatikaria naiz eta txandaka egin ohi dut lan, txanda horietatik kanpo hemen, estudioan, aritzen naiz. Areago, estudioa nire ihesbidea da.
Interesatzen zaizkizun proiektuak hartzen dituzula esan duzu, izan ere, musutruk egiten duzu lan.
Bai, inplikatzen naizenez, proiektua garbi ikusi behar dut. Ez dut kobratzen, baina poza irabazten dut.
Zein da grabatzeko musika tresnarik zailena?
Bateria. Mikro asko jarri behar dira bateriak ateratzen dituen doinu guztiak harrapatzeko. Muntaia handiena bateriak eskatzen du.
Tailerra ere baduzue. Gitarrak konpontzen dituzu eta garai batean egin ere bai.
Hala da. Hamabost bat gitarra egingo nituen, baina sekulako lana zen eta ezin geratuta, erotu egiten nintzen. Egun gitarraren bat edo beste konpontzen dut, kanpotik ere etortzen zaizkit konponketa eskaerak.
Subeltzako estudioan egonda, Legazpiko musika taldeen panorama zein den jakingo duzu.
Orain arte aspalditik datozen taldeak egonkortu egin dira, eboluzio handia izan dute. Haatik, azken zazpi urteetan-edo, ez da kolektiboan talde berririk sartu. Badakit Doinua musika eskolaren barruan taldeak osatzen direla eta gazte asko horietan aritzen direla, baina guk ez dugu orain gutxira arte kolektiboan sartzeko eskaerarik jaso.
Azken hilabeteotan, ordea, bi eskaera jaso ditugu eta badirudi zer edo zer badatorrela. Arraio taldekoak bertsioak egingo dituen beste talde bat osatu nahian dabiltza. Azken urteetan egon den talde berrien agorraldiak, halere, barruko lanak egiteko denbora gehiago utzi digu: nor bere lokalean ikasten jarraitzeko aukera eman die taldeei, eta niri estudioan.