Hainbat herrialdetako sukaldariek ezagutu dute Ordiziako feria eta erosketak ere egin dituzte. Eguberri jaiak pasa orduko, arkumearen prezioak koska nabarmena egin du behera.
Urtean zehar laneko ordutegiak uzten ez diela eta, horrelakoak aprobetxatzen dituzte hainbat bezerok feriara etortzeko. Beranduxeago hasten da mugimendua, baina 11:00ak aldera jotzen du gaina. Atzo ere garbi ageri zen. Gainera, nazioarteko feriaren kutsua izan zuen: Batetik, Ziburuko (Lapurdi) Arturo Villanueva ostalaria gidari hartuta, Australia, Ipar Irlanda eta Frantziako sukaldari talde bat feria ezagutu, eta hainbat jaki erosten aritu ziren. Bestetik, perutar bat ere Ordiziako lagun talde batekin ibili zen ferian. Ezagutzea merezi duen asteroko gertakaria da, inondik ere.
Zazpi urtez gustura
2011. urteko lehen ferian, urtarrilaren 5ean, hasi zen Maite Iturbe legazpiarra Udanako ogia saltzen Ordiziako feria honetan. «Oso gustura nago, hasieratik gainera. Egun batzuk hobeak dira beste batzuk baino. Normala da hori. Oso pozik etortzen naiz ni hona». Aukera zabala du, opil txikietatik hasi eta mota ezberdinetako ogi ugari eskaintzen du: zuria, integrala, zopakoa, mahats-pasa eta intxaurduna, txorixo opila, arto opila… 0,45 eta 2,30 euro artean hasi zen eta ez du prezioa garestitu urte hauetan. «Gehien saltzen dudana ogi zuria da, alde handiarekin gainera. Baita arto opila ere neguan, neronek ere ez nuen uste», aitortu digu. Arto irinaren kiloa, berriz, 3 euroan saltzen du.
Arkumearen prezioa jaitsi
Arkumearen prezioak bere gorena Eguberri inguruan jo izan du eta urtea hasi orduko merkatzea ohiko joera izaten da. Aurten ere horixe gertatu da. Larsabik emandako informazioaren arabera, aste honetan arkume kiloa 3,30 euroan saldu da, BEZa aparte. Gazta egiten hasi dira artzainak, eta bi hilabetez ontzen utzi ondoren salgai izango da aurtengo gazta berria. Ofizialki Pazko Asteako asteazkenean aurkeztuko da, Artzain Eguneko aparteko ferian.
Produktu zehatz batzuk aipatuz, lehen greloak salgai jarri ditu Baliarraingo Edurne Jauregik 0,80 euroan sorta. Baita babarrun erreusa ere, 7 euroan kiloa. «Hain polita ez bada ere jateko bestea bezain ona», zioen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk. Orokorrean neguko barazkien aukera ederra dago, eta frutetan, sagarra nagusi.