Irakurle klub berriak jarriko dituzte martxan udal liburutegian

Legazpiko Udal Liburutegia ireki zutela 50 urte betetzen dira aurten, eta aitzakia horrekin, otsailetik aurrera irakurketa klub berriak jarriko dituzte martxan bertan.

Guztira lau irakurketa klub izango dira liburutegian; euskarazko eta gaztelaniazko klub bana ohiko irakurketan nola irakurketa errazean.

Klub guztien xedea literatura gustukoa dutenak erakartzea da, baita irakurketa bera sustatzea horrenbesteko ohitura ez dutenengan ere. Ohiturarik ez duten horiek ulermen zein irakurketa arazoak badituzte, irakurketa errazeko klubetan egokitu ahal dira. Aurreko udazkenean martxan jarri zituzten.

Izen-ematea zabalik

Irakurketa klubek ez dute soilik irakurketa bultzatzen, areago irakurritakoa zein lerro arteek iradokitakoa taldekideekin partekatzeko aukera ematen dute. Talde guztiek gidariak izango dituzte eta haiek egingo dituzte irakurgaien aukeraketak zein hilean behin burutuko dituzten saioen gidaritza lanak ere.

Otsailean abiatuko diren klubetan parte hartu nahi duten legazpiar guztiek udal liburutegian eman ahal dute izena hara bertara joanda, telefonoz (943 73 71 86), Wathsapp bitartez (639 85 11 72), liburutegira posta elektroniko bitartez idatzita: liburutegia@legazpi.eus edo webgunearen bidez: legazpi.eus/liburutegia.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend