Zientziaren aurpegiak
Goierriko lau ikerlarik haien ibilbideaz eta gaur egun esku artean dituzten ikerketa proiektuez hitz egin dute Beasaingo Igartzako jauregian, zientzia herritarrei hurbiltzeko.Zientzialari hitza entzunda, laborategian probeta artean dabilen kimikariaren...
Goierriko lau ikerlarik haien ibilbideaz eta gaur egun esku artean dituzten ikerketa proiektuez hitz egin dute Beasaingo Igartzako jauregian, zientzia herritarrei hurbiltzeko.
Zientzialari hitza entzunda, laborategian probeta artean dabilen kimikariaren irudia etortzen da sarritan burura, baina zientziak makina bat alor dituen modura, zientzialariek ere milaka aurpegi izan ditzakete. Joan den azaroan, milaka aurpegi horietako lau ikusteko eta entzuteko aukera izan zen Beasaingo Igartzako jauregian. Lemniskatak antolatutako Azaroa Zientziaroa jardunaldiaren barruan, Goierriko lau ikerlarik haien ibilbidearen eta ikerketa esparruaren inguruan hitz egin zuten.Bertako ikerlari eta ekintzaileak izenburupean, hirugarren urtez antolatu du Lemniskatak Goierriko ikerlarien topaketa. Zientzia herritarrei gerturatzea eta zientzialarien eguneroko lanaren berri izatea dira helburuak. Eta interesa piztu zuen jardunaldiak, Igartzako aretoa guztiz bete baitzen.
Haien lanaz pasioz hitz egin zuten Iñaki Diaz beasaindarrak, Eli Aierbe ordiziarrak, Maitane Salsamendi zeraindarrak eta Urtzi Aiesta beasaindarrak. Alor ezberdinetan doktoreak dira, eta guztiak ere nazioarteko unibertsitate zein ikerketa zentroetan aritutakoak. Gaur egun ere, ikerketa dute laurek eguneroko zeregina. Roboten munduan murgildurik dabil Diaz, auto elektrikoak garatu nahian Aierbe, gaixotasunen diagnosia hobetzeko tekniken bila Salsamendi, eta sare egituren funtzionamenduari azalpen bat bilatu nahian Aiesta.
Laurek aipatu dituzte ikerketan aritzearen zailtasunak. Besteak beste, zailtasun ekonomikoak , baita ziurgabetasuna ere. «Ikerketak oso epe luzekoak izaten dira; emaitzak lortzeko, urte askotako lana behar izaten da, eta askotan ez dugu jakiten esku artean dugun ikerketarekin jarraitzeko modurik izango dugun ala ez, ez dakigulako hurrengo urteetan finantzazioa izango dugun», azaldu du Salsamendik.
Dena den, zailtasunak zailtasun, gustuko dute haien lana eta hori helarazi zieten Igartzan bildutako entzuleei ere. Ordubete pasatxoko saioan, zientzia den eremu zabal horren lagin batez gozatzeko eta ikasteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta, gainera, bertako ikerlarien eskutik.