Astelehenean hasiko dira musika eskolak Agirre-Etxeberri eraikinean

Legazpiko Udalak eta Doinuak lagapen hitzarmena sinatu dute. Sotoa, bigarren zein hirugarren solairua eta garajea utzi dizkio. Eskolak dituen 400 bat ikasle hartuko ditu.
Agirre_Etxeberri_eraikinar

Doinua musika eskolako sortzaileak aurrean, egungo irakasleak atzean eta sinatzaileak, atzo. ARGAZKIA: Miriam Luki

Koldobike Olabide alkateak Legazpiko Udalaren izenean eta Estibaliz Gonzalez Doinua musika eskolako lehendakariak lagapen hitzarmena sinatu zuten atzo Agirre-Etxeberrin bertan. Hitzarmenak dituen baldintza guztiak betez gero, datozen hamar urteetan udalaren jabetza den Patrizio Etxeberriarena izandako etxeak hartuko du Doinua musika eskola. Aldaketa gutxi asko eginda dute jada eta astelehenean ikasturteari egoitza berrian emango diote segida.

Hitzarmenak zehazten duenez, sotoa, bigarren solairua zein hirugarrena eta garajea utzi dizkio udalak musika eskolari. Eskolaren sarrera atzeko aldean kokatu dute eta lehenengo solairuak erabilera anitzeko bi gela eta kafetegia hartuko ditu. Eskolak egokitutako hainbat gela ditu: bederatzi musika tresna gela, bi solfeo gela, irakasleentzat bat, zuzendaritzarako beste bat, informatika gela, psikomotrizitate gela eta erabilera anitzeko gela bat.

Agirre-Etxeberri eraikina musika eskola bihurtzeko lanak 2016an hasi zituzten eta tartean suertatutako arazo batzuk atzeratu egin dute eskolaren leku aldaketa. Oraindik likidazioa egin gabe badago ere, Lurgoien enpresak egindako lanek 824.000 euroko aurrekontua izan dute eta Legazpiko Udalak Eusko Jaurlaritzatik hainbat laguntza jaso ditu: 300.000 erabilera aldatzeko, 12.000 teilatua konpontzeko eta 11.000 arotz lanak egiteko. Euskadiko Energia Erakundeak 18.000 euroko diru laguntza eman die biomasako galdara bat jartzeko.

Sinadura ekitaldia

Atzo egindako ekitaldiak Doinua sortu zuten musika irakasleak eta egungo hainbat irakasle bildu zituen, besteak beste. Aitor Madina eskolako zuzendariak  «aspaldiko ametsa bete» dela esan zuen, hunkituta. Arantxa Rodrigez eskolako lehen irakasle taldeko kideak Felisa Etxeberriari –Patrizio Etxeberriaren alaba– piano bat eskatzera joan zireneko eguna gogoratu zuen Olabide alkateak; «ez zien pianoa eman baina berria erosi zien». Xabier Barriola beste sortzaileetako bat bertan zen eta pianoaren pasarteari «ezerezetik hasi» zirela  gehitu zion, «pianoari harrera berezia egin genion».

Doinua musika eskola 1979an sortu zuten eta 1985era bitartean garaiko eskola nazionalak zein La Salle ikastetxea izan zituen egoitza. 1985ean Guraso Elkartera aldatu zen eta orduz geroztik han egon da. «Urtetan gure presentzia nozitu duten bizilagunek barka gaitzatela eta aurrerantzean bizileku baketsua izan dezatela opa diegu. Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu jakin badakigulako eraikina egokitzeko lanak ez direla batere errazak izan», adierazi zuen Aitor Madinak.

Doinua musika eskolak 400 bat ikasle ditu, eta orain arte sakabanatuak egon dira halabeharrez. Astelehenetik aurrera Agirre-Etxeberri etxea topagune izango dute.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend