Legazpiko Ikatzak argazki salmenta solidarioa egin du Gabonetan. Irabazitako dirua Afagi alzheimerdunen familiakoen elkarteari emango dio. 150 bat argazki saldu dira
Legazpiko elizako arkupeetako txoko bat denda bihurtu da Gabonetako hainbat egunetan Ikatza argazkilari elkarteak antolatutako salmenta solidarioaren harira. Taldeko kideek egindako argazkiak jarri dituzte salgai, eta irabazitako dirua, alzheimerdunen familiakoen Afagi elkarteari emango diote.
Ikatzako argazkilariek 200 bat irudi bildu eta jarri dituzte salgai, era guztietakoak: tamaina desberdinetakoak, kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak, gai askotarikoak Goierriko paisaje ugari daude, markoarekin edo markorik gabe… Lan guztiak ikusgai daude
ikatza.net webgunean zintzilikatutako bideoan, eta denda fisikoan erosteko aukerarik izan ez zutenek badituzte oraindik pare bat egun eskariak egiteko.
Laugarren urtea bete du Ikatzaren ekimen honek; lehendik, esklerosi anizkoitza dutenen elkartea, Elikagaien Bankua eta erretinosi pigmentarioa dutenen Begisare elkartea izan dira onuradunak.
Aurten, alzheimerra
Aurten alzheimerra eta gaixotasun hori pairatzen dutenen familiakoak aukeratu dituzte salmentaren irabaziak bideratzeko. Ikatzako kide Luis Mari Muruak azaldu duenez, «oso hedatuta dagoen gaixotasuna da, eta Legazpin bertan, beren etxeetan, eguneko zentroan edo zaharren egoitzan daude gaixo asko; guk bistaratu nahi izan dugu alzheimerra». Eta horretarako, bi irudi esanguratsu: salgai jarritako argazkiak biltzen dituen bideoaren hasieran, alzheimerrarekin hil ziren Benigna Sagastizabal Muruaren amaginarreba eta Petra Garcia elkarteko Julian Gilen ama agertzen dira, «gaixotasunari aurpegia jartzeko».
Donostian egoitza duen Afagi elkarteak jasoko du Ikatzak bildutako dirua. Salmenta oraindik zabalik dagoenez, ez daude kontuak eginda, baina «iaz baino gehiago» izango dela esan du Muruak.
Hitzaldia eta erakusketa
Salmenta solidarioa amaituta, Ikatzakoek finkatu dituzte hurrengo ekintzak. Ostiralean 17:30ean, Argizaiola argazki erakusketa irekiko dute kultur etxean, Euskal Herriko hainbat lehiaketatako irabazleen lanak biltzen dituena, tartean Ikatzako argazkilari batzuenak. Hilaren 26ra arte egongo da ikusgai astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era.
Bestetik, Afagirekin eraikitako elkartasun harremana ez dute etengo, eta hilaren 23an Legazpira etorriko dira alzheimerrari buruzko hitzaldia egitera (kultur etxea, 19:00) eta elkartearen ordezkaritza bat eskualdean zabaltzeko lehen urratsak ematera.
Legazpiko argazkilariek txekea entregatzeko baliatuko dute hitzordua.