Goierri osoan arazo ugari sortu du Errege egunean botatako elurteak. Ordizian izan dute egoera zailenetakoa; hainbat auzotan, 32 ordu egon dira argi-indarrik gabe eta normaltasunera itzultzeko lanean ari dira.
Errege magoen magiaren ondorio-edo, elurra mara-mara egin du Goierrin. Larunbatean eguerdi partean hasi zen elurra botatzen, eguraldiaren iragarpenak, elurra bai, baina aparteko ezer esaten ez bazuen ere. Arratsalderako, paisaia zuritu zuen, gabonetako postal irudi perfektua utziz han hemen. Elurrak eragindako alde sinpatikoa batetik, baina arazo ugari ere sortu zituen Goierriko hainbat puntutan.
Goierri behean izan ziren batez ere, elurragatik arazo gehien, larunbatean hasita: Mandubiko errepidea ibilgailuentzat itxita egon zen larunbatean pilatutako elur kantitate handiagatik; Lazkaon, kiroldegiko goiko kirol kantxa estaltzen duen sarearen egitura hondoratu zen; Ordiziako Oianguren institutuan ere elurraren pixuak teilatuan kalteak egin eta atzoko egunez ez zuten klaserik eman. Lerro hauek idazterakoan, erabakitzen ari ziren gaur klaserik emango ote zen edo ez; arboletatik eroritako adarren erruz hainbat errepide itxita egon ziren, eta dezenteko txikizioak sortu zituen Zaldibian eta Legorretan, besteak beste; Seguran, Legorretan, Zaldibian, Ataunen eta Ordizian besteak beste, argi-indarra ere joan zen; hainbat kirol eta kultura jardunaldi ere bertan behera gelditu ziren eguraldiaren erruz. Majoriko bertso saioa izan zen horietako bat. Sarrerak gordetzeko eskatu du antolakuntzak, aurrerago antolatuko baita berriro.
32 ordu argirik gabe
Goierri eskualde osoan zehar sortu ditu arazoak elurrak, baina Ordizia izan da kaltetuenetakoa. Orain normaltasuna berreskuratzeko bidean lanean ari dira, arazo larriak ere izan baitira tartean. Larriena, ordiziar asko eta asko 32 orduz argi-indarrik gabe egon direla izan da.
Larunbatean 16:00etatik igandeko 00:20etara argirik gabe, berogailurik gabe, ur-berorik gabe egon dira Euskal Pilota (Otegienea), Gernikako Arbolaren pasealekua eta Majori eta Txindoki etxaldeko bizilagunak. Dirudienez, elurrak eraginda, arbola bat erori eta horregatik moztu zen argia. Horren aurrean, bi aparailu elektrogeno berri jarrita konpondu da momentuko arazoa eta aste gutxi barru espero dute erabat konponduta izatea.
Ordiziako Udalak ohar bat helarazi die kalteak izan dituzten bizilagunei, dagokion erreklamazioa aurkezteko bideak dituztela jakinaraziz. Iberdrolaren 900 17 1 1 71 bezeroaren telefono zenbakira deitzea edo Ordizian Sukia elektrogailuak dendan duen bulegora joatea dira emandako aukerak. Kaltetuek, fakturetan agertzen den kontratuaren erreferentzia eta kalteen zerrenda zehaztu beharko dituzte. Horrez gain, etxebizitzako aseguruek ere eguraldiak sortutako kalteei aurre egiteko aukera ematen dutela jakinarazi dute. Beraz, norberak duen aseguruarekin ere harremanetan jartzea aholkatu die herritarrei udalak.
Bestalde, mantenu zerbitzuetan aritu diren langile eta Babes Zibileko boluntarioen lana bereziki goraipatu nahi izan du Ordiziako Udalak: «Ezusteari aurre eginez, larunbatean bertan jarri ziren denak lanean, kaleetako elur pilaketak eta toki kritikoetan eragindako arazoak bideratzeko».
Etzegaraten hamalau orduz eten dute zirkulazioa
Asteburuko elurteak erabateko kaosa sortu du errepideetan.?Goierriko errepide sare nagusian aparteko arazorik izan ez bazen ere, mendateak itxita izan ziren, eta Etzegaraten N-1 errepidea ia 14 orduz egon zen itxita, larunbat arratsaldetik igande goizera bitartean. Lizarrusti eta Otzaurteko mendateak eta Mandubikoa ere itxita egon ziren hainbat unetan, eta gainontzekoetan, kateak behar izan ziren.
Etzegaraten kamioi bat gurutzatu gelditu zen larunbat arratsaldean, 18:30ak aldera. Lehendik ere zirkulazioa motela zen, baina errepidea erabat itxi behar izan zuten une hartan. Jende asko bidean harrapatuta gelditu zen, ez aurrera, ez atzera. Altsasun aterpeak egokitu zituzten bidaiariek gaua pasa zezaten, eta goizaldeko 01:30ak aldera bideratu zuten jendea bertara. Kiroldegian 1.400 lagunek pasa zuten gaua. Beste asko beraien ibilgailuetan gelditu ziren, gasolindegietan nahiz bide bazterretan.
Informazio falta eta haserrea
Bidean harrapatuta gelditu ziren gidarien artean nabaria zen haserrea; horrelako eguraldiarekin eta alerta egoeran izanda, kamioiei bidea lehenago itxi ez izana kritikatzen zuten, baita beste biderik zabaldu ez izana ere. Asko izan ziren Altsasun gaua pasa zutenak, hango herritarren elkartasuna goraipatuz.