Lehenengo aldiz egingo dute Legazpin Espainiako Ziklo-kros txapelketa. Ostiralean, hilaren 12an hasi eta datorren igandera arte egingo dituzte lasterketak. 800 txirrindulari inguru espero dira.
Aitor Hernandez bizkaitarra 2015ean, Legazpiko probako helmugan // Argazkia: Tere Madinabeitia
Duela zazpi urte hasi zen Telleriarteko Txirrindulari elkartea Legazpiko Urtazargo parkean ziklo-kros lasterketak antolatzen. Denetik antolatu izan dute ordutik, Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herriko koparako lasterketa puntuagarriak, eta baita Euskal Herriko Txapelketa ere. Aurten harago joan nahi izan dute eta Espainiako Txapelketa antolatu dute.
Iaz egin zioten eskaera Espainiako federazioari, lasterketaren proiektua bidali ziotenenean. Antolaketa lortzeko Galiziako Maceda herriarekin egin zuten lehia, baina federazioak Legazpiren alde egin zuen apustua.
Antolakuntza lanak
Erabakiaren berri izan bezain pronto administrazio lanari ekin zioten. Izan ere, Mikel Agirreburualde Telleriarte Txirrindulari Elkarteko kideak dionez, Madrildik betebehar asko jarri zizkieten; « Lehenik eta behin zirkuitua moldatu behar izan genuen, 2.800 eta 3.000 metro bitartean izan behar dituelako. Gero, anbulantzia eta epaile kopurua ere zehaztuta dago, oinezkoentzako pasalekuek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte, larrialdi plan berezia egin behar izan dugu…»
Urtazargo parketik Lakiolara doan bidea ere asteburu osoan zehar itxita egongo da lasterketa dela eta.
Aurtengo beste berritasun bat, gauetan segurtasun pribatua ipintzea izango da. Agirreburualderen hitzetan, beste urte batzuetan gertatu diren txikizioak ekiditeko hartu dute neurri hori.
Presioa antolatzaileengan
Legazpiarrak kontziente dira zer nolako presioa duten euren gainean neurri horretako proba bat antolatzean. Izen ematea oraindik ere zabalik dagoen arren, gustura dira orain arte izandako izen emate kopuruarekin; eta astebururako estatu osotik etorritako 800 bat txirrindulari espero dituzte. Hauek guztiak hartzeko, inguruko hotel eta landetxeetan tokirik ez dagoela nabarmendu du Agirreburualdek: «Legazpitik Tolosara arteko ostatu guztiak aspalditik daude hartuta».
Partaide kopuru horrek eskaera maila igo besterik ez du egiten. Antolatzaileen hitzetan, gauzak ondo ateratzean ez baita inor norberaz oroitzen, baina gaizki ateratzean ordea, bai. Gainera, euskal hedabideen jarraipenari kirolaren inguruan ikus- entzunezko lanak egiten dituen Madrilgo produktora bat gehituko zaio igandean. Produktora horrek lortu ditu igandeko lasterketako irudien gaineko eskubideak.
Boluntarioen laguntza
Dena ondo atera dadin, eta Legazpiko txirrindularitza toki onean uzteko, astelehenetik hasita ari dira zirkuitua muntatzen. Horretarako, hamar lagun inguruko taldea arituko da lanean egunotan. Asteburuko antolakuntza lanetan, aldiz, berrogeita hamar bat lagun lanean haritzea espero dute.
Dena prest izan beharko dute ostiralerako; 16:00etan hasiko baita txapelketa Autonomia erkidegoetako taldekako errelebo lasterketarekin. Larunbatean, 50 eta 60 urteko masterrak, Master 40ak, gizonezko kadeteak, gizonezko master 30ak eta 23 urte azpiko gizonezkoak arituko dira. Igandean, berriz, emakumezko kadeteak eta gizonezko juniorrak izango dira ateratzen lehenak. 11:45etan emakumezko elite eta masterrak lehiatuko dira, eta txapelketa amaitzeko, 13:15ean egingo dute gizonezkoen elite lasterketa.
Asteburuan egindako eguraldiak ibilbidea nola utzi duen ikusita, antolatzaileek proba oso gogorra izango dela uste dute. Baldintza horietan Euskal Herrian egiten den ziklo-krosa mota garaile atera daitekeela dela uste dute antolatzaileek.