Olaberriko Ihurre auzoan, Castilloko bidegurutzea berrantolatzeko lanak aurrera doaz. Gaztelu bat eraiki dute errotondaren erdian, alboko hotelari erreferentzia eginez
Castilloko errotonda berria ari da itxura hartzen. Berez, zirkulazioa biraka ari da dagoeneko, lehen bidegurutze arriskutsu eta astuna zegoen lekuan. Landu, Merkauto, Castillo hotela eta Bikain enpresen tartean, N-1eko, Ihurre alderako (N-1-417-A bide-adarra) eta Beasaingo Katea alderako (Gi-2632) zirkulazioa berrantolatuko du. Egitasmo Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du, eta Urbycolan enpresa ari da eraikitzen, abendutik.
Bidegurutzea aldatu dela ez da zalantzarik. Oraindik lurreko marrak eta seinalizazioa margotu gabe egon arren, despistatuena ere jabetuko da aldaketaz: errotondaren biribilaren erdi-erdian gaztelu bat eraiki dute. Izan ere, Castilloko bidegurutze bezala ezagutzen da, aldamenean dagoen Castillo hotelagatik. Orain, XX. mendeko izendapen horri zigilu grafikoa ere eman diote.
Berezko izenik ez
Olaberriak eta Beasainek muga egiten dute eremu horretan. Gaur egungo mapetan, izen organikoa (Area 118 Bikain) ematen zaio tokiari, hirigintza plangintzetan noizbait emanarekin. Ihurre auzoa da, baina ez dugu aurkitu berezko toponimorik.
Basozabal ingurua ere esaten zaio, handik gertu Oria ibaian isurtzen duen Basozabal errekastoagatik (Olaberriaren eta Beasainen muga egiten du, eta Karobi industrialde burutik dator). Beasaingo lurretan jada, Antzizar auzoa deritzo inguruari; Pagadizabal baserria dago ondoko muinoaren gainean, gertuena.
Castillo bidegurutzeak, Jose Castillo sukaldaria du muinean (Urrestilla, Azpeitia, 1912 Ordizia, 1993). Sei urterekin bi gurasoengandik umezurtz geratu, eta 16rekin Donostiako Hotel La Urbanan hasi zen sukaldari aprendiz. 1936ko gerran Itxarkundia gudari batailoiko sukaldari-buru ibili zen.
Gerra ostean, Bermeon jatetxe bat zabaldu zuen (han jaio zen Jose Juan Castillo semea, sukaldari ospetsua hura ere, 1945ean), eta 1949an Ordiziako Zubizarreta jatetxea hartu zuen errentan. Olaberriko Castillo Hotela 1957an zabaldu zuen, N-1 errepidearen bazterrean.
Jose Juan Castillo semea ere ostatu horretan hasi zen lanean, Parisko Ostalaritza Eskolan lau urteko ikasketak bukatu (1965) eta soldadutza egin ondoren.
Eremuak, orain, pertsonaia bati egingo dio erreferentzia, gazteluaren irudiarekin.