Indarrean dagoen ordenantza 2008. urtean onartu zuten. Herritar eta alderdien proposamenak jaso ditu udalak. Bihar ere proposamenak aurkeztu ahal izango dira
Gaur egun Legazpin lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea arautzen duen ordenantza 2008an onartu zen. Ordutik, lokal bakarrean baimendu da etxebizitza erabilera. Ordenantza horrek arrakasta handirik izan ez duela ikusita, aldatzea erabaki du Udal Gobernuak.
Eric Galvez zinegotziaren hitzetan, 2008ko ordenantza «errealitatetik kanpo» zegoen, eta tramite administratiboak «oso garestiak» ziren. «Horregatik ez zuen arrakastarik izan».
Parte hartze prozesua
Ordenantza hori berritze aldera, udalak herritarrekin bilera egin zuen iazko martxoan. Bilerara 15 bat lagun azaldu ziren, eta bertaratutakoen ideia eta ekarpenak jaso zituzten. Bilerarako deialdi publikoa egin bazuten ere, udaleko hirigintza arduradunak gaiaren inguruan aurretik interesa azaldu zuten herritarrekin jarri ziren kontaktuan. «Udaleko hirigintza bulegotik antzeko duda eta galderekin pasatu den jendeari hots egin genion, uste genuelako bileran beraien zalantzak agituko genituela», azaldu du Galvezek.
Bilerara bertaratutakoen proposamenak jaso ondoren, proiektua idatzi eta gainontzeko alderdiei aurkeztu zieten. Alderdi sozialista izan zen proiektuaren inguruan zuzenketak aurkeztu zituen bakarra. Horiek aztertu eta ordenantzan jaso ostean, proiektua onartzea erabaki zuen Udal Gobernuak. «Ulertzen dugu, beste alderdiek ezer esan ez bazuten, proiektuarekin ados zeudelako dela», nabarmendu du.
Amaierako proiektu hori izango da bihar 18:30 batzar aretoan aurkeztuko dena. Hala ere, ekarpen berririk balego, eta horiek Udal Gobernuari interesgarriak irudituko balitzaizkio, aldaketa berriak egiteko aukera ez du baztertzen zinegotziak.
Lizentzia mugatuak
Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berria onartzen dutenean, udalak banatuko dituen lizentzia kopurua mugatua izango dela aurreratu du Eric Galvezek. Guztira hogei ta bost banatuko dituzte interesa agertzen duten herritarren artean. Behin baimen guzti horiek banatuta, egoera aztertuko lukete egoera berriari irtenbide bat emateko.
Merkataritza indartu
Bestalde, udalak Merkataritza Biziberritzeko Plana jarri du abian Ilinti dendari elkartearekin elkarlanean. Jaurlaritzaren diru laguntza izan du udalak, eta Ikerpartners enpresak gauzatuko du lana. Lehen fasea bete da jada; hau da, herriko merkataritzaren egoeraren diagnostikoa egin dute. Orain, diagnostiko hori baliatuta bigarren fasean ari dira lanean; eta gerora merkatariek erabiliko duten estrategia zehaztuko dute.