400 kilovolteko indarra garraiatuko du Bizkaiko kostaldetik Goierriko zentralera. Administrazio-baimena jaso ondoren, obra hasierarena soilik geratzen da
Itsasoko Iberdrolaren argindar zentrala eta Bizkaiko Gueñeskoa lotuko dituen tentsio oso altuko (400 kV) linea aurtengo partean hasiko dira eraikitzen. Espainiako Gobernuaren Energiarako Zuzendaritza Nagusiak administrazio-baimena azaroaren 29an eman zion REE Red Electrica de España enpresa sustatzaileari, eta ezinbesteko gako hori gaindituta, obra uda ondoren hasteko moduan ikusi du. Onura publikorako izendapena eta obra hasieraren eskaria besterik ez du falta orain.
Urteak ditu Gueñes-Itsaso linearen proiektuak. Administrazio-baimena ematen, adibidez, zazpi urte igaro ditu Espainiako Gobernuak (2010eko abenduan eskatua zen). Gueñes-Itsaso linearen lehen aipamena 2002koa da, ordea, Espainiako Gobernuaren argindar sareen plangintza-txostenetan.
Zeharkatuko dituen herrietan makina bat protesta, alegazio eta mozio ere eragin ditu. Gipuzkoako eta Bizkaiko 24 udalerri zeharkatuko ditu lineak, tartean Goierriko lau herri: Legazpi, Zumarraga, Gabiria eta Itsaso.
Luzean 72 kilometro izango ditu, eta 132 dorre-euskarri altxatuko dituzte. REEk 2009ko martxoan aurkeztu zuen hasierako proiektua, eta ingurumen eraginen espedienteari hainbat alegazio egin zizkioten udalek, urte bereko ekainean.
Bi urteko lanak
Obrak uda ondoren hasi nahi ditu REEk, eta bi urtean luzatuko direla aurreikusi du. Enpresak 2020. urtea du begiz jota, zerbitzuan jartzeko. 60 milioi euroko aurrekontua du. Lortzeko falta zaizkion bi agiriak —onura publikokoa eta obra-hasieraren baimena— 2018ko uda hasierarako lortzea espero dute; jarraian, behin betiko baimen guztiak dituztenean, udalekin hartu-eman epe bat izendatuko du REEk, «lanen xehetasunak finkatzeko».
REEk berak azpiegitura honen inguruan gizartean «errezeloak» daudela aitortu du, AHTren eraikuntza «kostotsua» izan dela ikusita. Halako eragozpenik ez duela sortuko aurreratu du Gueñes-Itsaso linea jartzaek; dorreak kilometro erdiko bana kokatuko dituzte.
Kontrakotasunak kontrakotasun, argindar linea hori estrategikotzat jo dute sustatzaileek, eta Iberiar penintsularen iparreko argindar sarea osatuko du, Galizia eta Aragoi lotuz. Gipuzkoaren hornidurarako onura izango dela diote. Bestetik, Gueñesen Frantziarako itsaso azpiko kablearekin lotuko dute, Bordeleraino argindarra eramateko edo ekartzeko. AHT Abiadura Handiko Trenarentzat ere energia hornituko du.