Legazpiko tren geltokiko berritze lanak berehala hasiko dituzte
Adifek geltokian berritze lanak hasteko konpromisoa hartu du. Behin behineko pasabidea lau hilabete barrurako egingo dute. Tren geltoki berria ere egingo duteAbenduaren 30ean Legazpiko tren geltokian gertatutako ezbeharrak hautsak harrotu ditu herrian....
Adifek geltokian berritze lanak hasteko konpromisoa hartu du. Behin behineko pasabidea lau hilabete barrurako egingo dute. Tren geltoki berria ere egingo dute
Abenduaren 30ean Legazpiko tren geltokian gertatutako ezbeharrak hautsak harrotu ditu herrian. Legazpiarrak eta alderdi politikoak aspalditik egiten ari diren eskakizuna da trenbideak gurutzatzeko pasaleku seguruago bat eraikitzea. Azken legealdietan etengabe egin den eskakizuna izan da tren geltoki berri bat egitearena. Azken saiakera iazko maiatzean egin zuen Udalak, Koldobike Olabide alkatea Madrilen Adifeko zuzendariekin bildu zenean. Bilera horretan hainbat eskakizun egin zitzaizkion trenbideen azpiegitura gestionatzen duen enpresari. Ordutik, Adif plana aztertzen eta alternatiba ezberdinak konparatzen ari zen.Aspaldiko eskaera
Urte amaierako gertakari tamalgarriaren ostean baina, inoiz baino ageriago geratu da pasabidearen arriskua, eta berriro mahai gainera bueltatu da pasabidea eta geltoki berri bat egiteko beharraren gaia. Udaletik aurreko astean idatzi bat bidali zuten Madrilera, «berriro horrelakorik gerta ez dadin premiazko neurriak har zitzatela eskatuz», Gaia jorratzeko gaur bildu da alkatea berriro ere Madrilen Adifeko zuzendaritzarekin, eta gaurkoan geltoki berria egitearen aldeko konpromisoa jaso du.
Behin behineko geltokia
Adifek segurtasuna hobetzeko eta geltokiko berrikuntza lanak ahalik eta lasterren hasiko dituela zehaztu du. Horretarako, premiazkoena jo dute gaur egun trenbidea gurutzatzeko dagoen pasalekua aldatzea Olabidek esan duenez: «Uste dugu momentu honetan premiazkoena pasalekua aldatzea dela, eta horregatik berrikuntza lanak ahalik eta azkarren hastea eskatu dugu».
Irun-Brinkola noranzkoan dabiltzan trenentzako behin behineko geltokia egingo du- te lehenengo. Geltoki hori, gaur egun dagoena baina metro batzuk aurrerago egingo dute, hilerrira daraman bidearekin lotuz. Irun-Brinkola noranzkoan datozenek trenbidearen alde batetik bestera era seguruan pasatzeko, hilerria eta geltokia lotzen dituen bidea egokituko dute, eta hortik bakarrik irten ahal izango da geltokitik. Lan horiek amaitzeko, lau hilabete inguru beharko dira.
Geltoki berria egin bitartean baina , egun dagoen pasalekua erabiltzen jarraitu beharko dute erabiltzaileek.
Geltoki berria
Behin pasalekuaren arazoari irtenbidea emanda, geltokia bere osotasunean aldatzeko lanak hasiko dituzte. Honetarako gaur egun dauden eraikuntzak bota eta behin behineko geltokia kokatuko duten lekuan egingo dute gerora behin betikoa izango den geltokia. Horrela, geltokia herrigunetik 150 metro hurbilago geratuko da. Geltoki berri horretan, lur azpiko pasabidea egingo dute. Udaletik aurreratu dutenez, igogailua eta tornuak ere jarriko dituzte. Lan guzti horiek egiteko 28 hilabete inguru beharko dira.
Odon Elorza kontu eske
Legazpiko PSE-EEko kideekin bildu ostean, alderdi bereko diputatu Odon Elorzak Adifeko zuzendari den Juan Bravo Kongresuko Sustapen Batzordean agertzeko eskakizuna egin du.
Elorzak, gainera, alderdi popularreko gobernuari galdegin dio istripu larriaren arrazoiak zeintzuk izan ziren argitzeko. Ez da Elorzak Gobernuari Legazpiko geltokiaz galdegiten dion lehen aldia. Alderdi sozialistatik adierazi dutenez, iazko maia-tzean sei galdera egin zizkion gobernuari geltokiko obren egoeraren inguruan. Bost hilabete berenduago, urrian, jaso zuten erantzuna. Hala ere, alderdi sozialistako kideak ez ziren erantzunarekin ados gelditu, izan ere, diotenez, erantzuna «ez baitzen batere zehatza».