Udalarekin eraikinaren lagapena sinatu ostean, urtarrilaren 8an eman dituzte lehenengo eskolak. Lehen astea betetzear denean, aldaketaren balorazio positiboa egin dute.
Aurreko legealdian eta parte hartze prozesu baten ondoren erabaki zen Doinua Musika Eskolari Agirre Etxeberriko jauregia uztea. Egokitzapen eta lan administratiboak uste baino gehiago luzatu ondoren, urtarrilaren 5ean sinatu zuten akordioa udalarekin musika eskolakoek. Hiru egun beranduago, urtarrilaren 8an hasi ziren lehenengo eskolak ematen.
Azkenak, lan askoko asteak izan dira musika eskolako arduradun eta irakasleentzat. Aitor Madina zuzendariak dionez, «lan handiko egunak izan dira, norberak bere materiala ekarri behar izan du eskola zaharretik eta oraindik bueltaka gabiltza». Udalaren aldetik jasotako laguntza ere eskertu du: « Mudantza lanekin udaleko langileek asko lagundu digute».
Musika eskola martxan den arren, egokitzapen lanak oraindik ez daude 100%ean amaituta. Internetik eta kalefakziorik ez dute oraingoz; baina Madinak dionez, jendea eskaintzen ari zaien berotasunak betetzen du berogailuaren funtzioa.
Aitor Madina, eskolaren eraikin berrian.
Izan ere, erabiltzaileak oso gustura omen dago eskola berriarekin. Jesus Castillejo irakasleak esan duenez, gelek «oso akustika eta intsonorizazio ona dute». Ikas-leak ere gustura dira eraikin berriarekin. Horien hitzetan, «lehen beste instrumentu batzuk entzuten genituen klasean geundela. Orain, berriz, ez».
Hori guztia, gainera, etxearen esentzia aldatu gabe lortu dutela azpimarratu du Aitor Madinak. «Etxe historiko bat izanda, saiatu gara estetikoki aldaketa handiegirik ez egiten»
Funtzionamentuari dagokionez ere, aurrerapausoa dela uste dute. Orain arte klase gehienak musika eskolako eraikinean ematen ziren, baina ez zegoen denentzako lekurik. Horregatik, perkusioko eskolak Doinu Eder eraikinean ematen ziren.
Gela berriak egokitzeko asmoa ere azaldu du Madinak: «Banda Txiki eta Big Band-eko entseguetarako, gaur egun aparkalekua dena moldatzeko asmoa dugu. Musika eskola ireki eta dinamikoa sortu nahi dugu. Herriari berak eman diguna bueltatzen saiatuko gara».