Bihar, 18:00etan, Antzizar kiroldegian, Atletico San Sebastianen aurka jokatuko du Euskal Ligako Arri BKL taldeak. Datozen hiru partidak erabakigarriak dira Jon Lekuonaren taldearentzat.2017-2018 denboraldian senior mailako Euskal Ligako lehenengo mail...
Bihar, 18:00etan, Antzizar kiroldegian, Atletico San Sebastianen aurka jokatuko du Euskal Ligako Arri BKL taldeak. Datozen hiru partidak erabakigarriak dira Jon Lekuonaren taldearentzat.
2017-2018 denboraldian senior mailako Euskal Ligako lehenengo maila estreinatu duzue. Orain artekoaz zein balorazio egiten duzu? Maila aldaketa asko nabaritu al da?
Balorazioa ez da txarra, baina talde bezala uste dugu orain arte eman duguna baina pixka bat gehiago emateko gai ere bagarela. Maila aldaketa nabaritzen ari gara eta joan den urtearekin alderatuta erregulartasun pixka bat falta zaigula iruditzen zaigu. Partida batzuetan azken momentuan zorte txarra izan dugula ere esan daiteke, baina zortea ere bilatu egin behar da, eta horretan hobetu beharra daukagu. Exijentzia maila igo egin da, maila altuagoa da.
Zertan hobetu behar duzue?
Gakoetako bat erregulartasun horretan egongo dela uste dut. Taldea ondo entrenatzen ari da, baina lehiaketak gehiago eskatzen digu. Hori ulertu eta beste pauso bat aurrera eman beha-rrean gaude, denboraldi bukaerarako behealdeko postuetatik atera nahi badugu behintzat. Taldea ondo dago, eta ea urtarrileko partida hauetan hori ikusten dugun.
Lesioak ere izan dituzue.
Lesio eta lan kontu aldetik orain hilabete baino hobeto gaude; horrek ere ea laguntzen digun. Taldeak gauzak ondo egiteko gogoa du, ea horretarako lan on bat egiteko gai garen.
Sailkapenean 12. postuan zaudete, datozen hiru partidak etxean jokatuta, garrantzia handiko partidak dira ezta?
Bai noski. Goialdean sailkatuta dauden bi talde donostiarren aurka jokatuko dugu lehenengo. Esperientzi handikoak eta maila handikoak dira, baina guk gure etxean gauzak zail jartzen saiatu behar dugu. Ez da erraza izango, eta lan horretan laguntzeko zalegoari deialdia egin nahi diegu, ea beraien bultzadarekin jokalariak pixka bat gehiago emateko gai diren. Gero bigarren itzulia hasiko da, eta Egueseko talde nafarra izango dugu bisitan.
Datozen hiru partiden garrantzia ikusita, zaletuei zein mezu emango zenieke?
Jendea animatzera etortzeko. Egia esan, ezin gara kexatu orain arte partidak ikustera eta animatzera etorri den jendetzaz, ezta gutxiago ere, baina espero dugu hiru partida hauetan ere beraien berotasuna sentitzea, kiroldegian egiten duen hotza ez baita nolanahikoa [kar,kar]. Ea denon artean saskibaloia eta kirolaren inguruan giro polit bat sortzea daukagun.