Eskaria badago, eta erostunak izendatzea falta da oraindik. Ihurren bertan, beste kale zati bat berritzen hasiko da udala. 2018rako 2,4 milioi euroko aurrekontua izango du
Olaberriko Udalak aurreko urteetako ildo berberari eutsiko dio aurten, udalgintzako diru kontuei dagokienez. 2018rako 2.431.100 euroko saila onartua dauka, beste ekitaldien oso parekoa. «Gastu orokorrak mantendu ditugu, eta sarrerak ere beti bezala aurreikusten dira. Aurrekontu txostena prestatzerakoan ezkorrak izaten gara, behetik jotzen dugu», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Hala, diru gerakinaren poltsa hazten doakio udalari. «Aurrekontua adina» diru dauka aurreztuta. «Kezka ere badugu, gero gastatzen ez ote diguten utziko». Bien bitartean, aurten inbertsioetarako 700.000 euro bideratu ditu udalak, aurrekontutik, ia hiru eurotik bat.
Urteko «erronka» Ihurreko eskola zaharrean etxebizitza tasatuk egokitzea izango da. Familiabakarreko bederatzi bizitza jarriko dituzte. Iazko martxoan erakutsi zuen proiektua, eta jendeak interesa agertu du. Oraindik izendatu gabe daude. «Horretan ari gara. Proiektua martxan jarri nahi dugu, ea uda ondorenerako obra hasten den».
Bestetik, Ihurre auzoko Cari de la Cruz kaleko 22-36 zenbaki tartea berriten aste honetan dira hastekoak, auzunea esku publikoetara igaro zenetik zatikako urbanizazio-plangintzari segiz. Sasoi Eraikuntzak enpresak egingo ditu lanak, 396.320 euroan (gehi BEZaren 83.227 euro).
San Joango estalpeaz duda
Udalak iaz hasi zuen udaletxe alboo San Joan plaza estaltzeko egitasmoa ere, ideia lehiaketa bat deituta. Diseinu bat aukeratu eta saritu zuten, baina zalantzak ugaritu dira egingarritasunaz, eta geldituta dauka udalak asmoa. «Zailtasun teknikoak ditu plaza horrek, azpian hutsunea dagoelako, bi solairu daude eta. Beharbada beste eremu batera eramango dugu ideia hori. Aztertzen ari gara», dio alkateak.
Herri jabetzako ondarea hazteko asmoa du udalak, eta bi erosketa egiteko diru saila onartua du. «Lur sail bat eta eraikin bat» erosi nahi ditu udalak aurten, «ondare gisa eduki ditzan». San Joan plazaren ordezko estalpea tokiz aldatzeko asmoa, ondare erosketarekin lotuta doa.
Beste egitasmo batzuk:
- Ur hornidura. Edateko uraren sarea berrituko da, Ihurren. Baserrietako sarean ere berri- kuntzak (gehiena egina dago).
- Bideak. Baserri bideak konpon- tzeko diru-sail handia gorde da.
- Kirol instalazioak. Ihurreko tenis pistak estaltzeko proiektua hasi du. 2018, 19 eta 20an diru laguntzak.
- Adinekoen zentroa. ‘Helduen ludotekan’ zerbitzua emateko lana esleituko da.