Lau Katu Beasain elkarteak 28 katu antzutu ditu lehen urtean
Goierriko beste herri batzuetan bezala, Lau Katu irabazi asmorik gabeko elkartea sortu zen Beasainen iazko urte hasieran, kale katuen eskubiden eta ongizatearen alde lan egiteko. Katuak maite dituzten beasaindarren topaleku bihurtu da Lau Katu Beasain....
Goierriko beste herri batzuetan bezala, Lau Katu irabazi asmorik gabeko elkartea sortu zen Beasainen iazko urte hasieran, kale katuen eskubiden eta ongizatearen alde lan egiteko. Katuak maite dituzten beasaindarren topaleku bihurtu da Lau Katu Beasain. Era berean, gizartea ere sentsibilizatu nahi dute, antzutzearen beharraz eta animaliak kalean uzteak dituen ondorio kaltegarriez. Pixkanaka kale-katuen koloniak kontrolatzea dute helburu nagusia. Horretarako, katuak erroldatu, harrapatu, antzutu, askatu eta haien osasun egoera zaintzen dute. Lau Katu Beasain taldeko Ane eta Marianen esanetan, CES deituriko metodoa (harrapatu, antzutu, askatu) da katu populazioa epe luzera kontrolatzeko sistemarik eraginkorrena. Europa osoan erabiltzen dela diote. «Batzuek pozoina jartzen dute, eta hil egiten dituzte. Baina frogatuta dago hori ez dela bidea. Sistema eraginkorrena antzutzea da, kume gehiagorik izan ez dezaten». Lehenengo urtebetean, 28 katu antzutu dituzte; 19 eme eta 8 ar. Antzututako katuei belarrian marka bat egiten zaie, hobeto kon- troltzeko. Katu eme bat antzutzea 120 euro inguru kostatzen zaie. «Ez dakizu nolako mina ematen duen antzututako katu bat hilda ikusteak». Beasaingo Udalarekin lankidetza hitzarmena dute katuen zaintza eta jarraipenerako, eta iaz 1.000 euro eman zizkion elkarteari. Lau Katu Beasain taldekoen ustez, etxeetako katu guztiak antzutu beharko lirateke, etxetik ihes egiten badute edo kalera ateratzen uzten badituzte koloniek kontrolatuta jarrai dezaten. Horrez gain, «arrak araldian daudenean ingurua markatzen» hasten direla gogorarazi dute. «Pixa egiten dute edo ihes egiten dute etxetik. Emeek bestalde etsi-etsian egiten dute miauka, antsietate handiarekin». Kasu horietan jende askok katua etxetik botatzen duela diote. «Baina antzutuz gero, mantsotu egiten dira. Osasun arazoak ere prebenitzen ditu antzutzeak». Adopzioak eta elikatzaileak Adopzio arduratsua ere bultzatu nahi dute; lehenengo urtebetean 17 katu eman dituzte adopzioan. Lau Katuren esanetan, «katu horiek jabeei ematen zaizkienean kontratu bat sinatzen dute, antzutzearen konpromisoarekin, eta nola ez, animaliaren ongizatea bermatzeko konpromisoarekin». Aholkuak elikatzaileei Katu-elikatzaileekin elkarlanean ari da Lau Katu Beasain, eta ingurunea garbiago edukitzen saiatzen dira. «Boluntarioek zaindutako pentsu edukiontziak erabiltzen dira eta era antolatu eta garbian elikatzen dira, auzotar batzuek, borondate onarekin bada ere, katuentzako janari hondarrak bota ditzatela saihestuz. Pentsu lehorra ematea komeni da». Izan ere, ingurua garbi mantenduz gero, xaguen eta labezomorroen ugaritzea saihesten da. Lau Katu elkarteari laguntzeko modu desberdinak daude. Elkarteko bazkide eginda, pentsua emanda, kartelak jartzen lagunduta, harrapatutako katuak klinikara eramanda… Harremanetarako, 688 61 19 14 edo laukatubeasain@gmail.com.