Matematika argazkian islatuta
Miguel Caverok irabazi du Lemniskatak antolatutako IV. Matematika Argazki Lehiaketa. Carlos Mediavillaren, Ainara Garciaren eta Iñaki Erauskinen argazkiak ere saritu dituzte.Matematikaren kontzeptuak txoko guztietan aurki daitezke, eta horiek islatzea...
Miguel Caverok irabazi du Lemniskatak antolatutako IV. Matematika Argazki Lehiaketa. Carlos Mediavillaren, Ainara Garciaren eta Iñaki Erauskinen argazkiak ere saritu dituzte.
Matematikaren kontzeptuak txoko guztietan aurki daitezke, eta horiek islatzea da Lemniskatak antolatzen duen matematika argazki lehiaketaren helburua. Laugarren aldiz egin dute aurten, eta 152 argazki jaso dituzte. Pasa den ostiralean hasi zen Urtarrila, mate- matikaren bila zikloa, argazki lehiaketako sari banaketarekin. Ohi bezala, lau sari banatu zituzten; aurten, goierritarrak izan dira nagusi. Lehenengo saria, Miguel Cavero ordiziarrarentzat izan zen, Araba Errioxako Biasterin dagoen Calatravak diseinatutako Isios bodega jasotzen duen zuri-beltzezko argazkiarekin. 300 euro eta Goierriko jatetxe batean bi lagunentzako afaria jaso zituen opari.
Bigarren saria, Carlos Mediavilla urretxuarrarentzat izan zen. Araba Errioxan globo aerostatiko berdean egindako bidaia batean ateratako argazkia. «Mahastiei argazkiak atera nahi nizkien baina nahi genuen tokira ez ginen joan, haizeak beste toki batera eraman gintuen. Goizeko lehenengo orduan ateratakoa da». 150 euro eta Goierriko gastronomia produktu poltsa jaso zituen.
Hirugarren saria, Azkoitiko Ainara Garciaren Begia argazkiarentzat izan da. 90 euro eta Goierriko gastronomia produktu poltsa jaso zituen.
Laugarren sari bat ere banatzen dute, eskualdekoa edo soziala deitzen diotena; Iñaki Erauskin beasaindarraren Eskailera airean zuri-beltzezko argazkia saritu dute. «Londresko Royal Opera House eta Royal Ballet School eraikinak lotzen dituen eskailera da». 90 euro eta Goierriko gastronomia produktu poltsa jaso zituen.
Erakusketa
Lehiaketara aurkeztutako 152 lanetatik 44 aukeratu eta Goierriko hainbat herritan ikusgai izango da erakusketa datozen egunetan: hilaren 21era arte Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan dago eta, hilaren 22tik otsailaren 2ra arte, Lazkaon.