85 urterekin, 14 ordu autobusean biloba ikusteko
Itziar Etxaniz zumarragarrak ez du inoiz bere 18. urtebetetzea ahaztuko. Izan ere, 85 urteko bere amonak 14 orduko autobus bidaia egin zuen urtebetetze festan berarekin egon ahal izateko. Elvira Cambil
Itziar Etxaniz zumarragarrak ez du inoiz bere 18. urtebetetzea ahaztuko. Izan ere, 85 urteko bere amonak 14 orduko autobus bidaia egin zuen urtebetetze festan berarekin egon ahal izateko.
Elvira Cambil da bere amonaren izena. Andaluzian jaio zen, baina 25 urte zituenean Goierrira etorri zen. Duela 27 urte jaioterrira itzuli zen senarrarekin, baina bere ondorengo guztiak Beasain, Ordizia eta Zumarragan bizi dira. Lau seme-alaba, zortzi biloba eta lau birbiloba ditu Goierrin.
Biloba gazteenak 18. urtebetetzea ospatzeko festa bat antolatu zuela jakin zuenean, ez zuen bitan pentsatu: Granadako Almuñecar herritik Goierrira etorri zen, autobusean. Ostiral arratsaldean irten zen eta larunbat goizean iritsi. Atzo, ia atsedenik hartu gabe, itzulerako bidaia egin zuen.
Elvirak oso argi zuen bere bilobaren festan egon beharra zuela. Paco Cobos senarrari bere asmoaren berri eman zion, eta hark animatu egin zuen. «Etorri beharra nuen. Bere aitabitxia hemendik kanpo dago asteburu honetan, aita bera jaio baino lehen hil zitzaion… Senarrak etortzeko esan dit. Zorionez, ez naiz bakarrik etorri. Josefina Delgado laguna nirekin etorri naiz», esan zuen larunbat arratsaldean.
Biloba, hunkituta
Bere biloba asko hunkitu zen amona ikusi zuenean. «Ez zekien etortzeko asmoa nuenik eta oso pozik jarri da ikusi nauenean. Hunkitu egin da eta negarrez hasi da. Udan bera izan zen ezustekoa eman zidana: Almuñecarren azaldu zen, ezer esan gabe. Bakarrik etorri zen», aipatu zuen harrotasunez.
Izebak ere oso harro daude Itziarretaz. «Beti oso argi izan du zer ikasi nahi duen. Umetatik diseinua ikasi nahi duela esan du. Datorren astean Santanderrera joan behar da, bi aste barru Bartzelonara eta hurrengoan Granadara, unibertsitateak ezagutzera. Berak antolatu ditu bidaiak. Ez du laguntza behar izaten. Gainera, marrazketa, ballet, solfeo, biolin eta kantu ikasketak ditu, dantza eta antzerkia egiten ditu…», azaldu zuten Mertxe eta Elvira izebek.
Nolako egurra, halako ezpala. Bere amonak ere oso gaztetan ikasi zuen babak eltzetik ateratzen. 1957an etorri zen Goierrira, bere senarrarekin. Altzagan eta Ordizian bizi izan ziren. Oso emakume indartsua izan da beti. «Ordiziako alde zaharrean bizi ginenean, 110 eskailera igo behar nituen etxera igotzeko. Ikatz zakuak nik igotzen nituen. Senarraren motorra ere igo nuen. Ospitaletik irten berria zen eta ez nuen nahi kalera jaistea motorra konpontzera».
Senarrak erretiroa hartu zuenean Andaluziara itzuli ziren, bere gogoaren kontra. «Hemen primeran bizi izan nintzen. Ezin hobeto. Granadara itzuli nintzenean, Donostiako matrikula zuten autoen bila ibiltzen nintzen, hemengo jendearekin hitz egin ahal izateko. Nigatik balitz, negua bakarrik igaroko genuke Andaluzian».
Zorionez, seme-alabak eta bilobak sarritan joaten zaizkio bisitan. «Hala ez balitz, autobusa sarriago hartuko nuke».