Aurreskua eta soinu zaharra
Legazpin jokatu da asteburuan Haurren Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa. Lehen sariak Aritz Maizak eta Amaia Aizpuruak lortu dituzte. Hiru legazpiar aritu diraLegazpik beste behin hartu du Haurren Aurresku eta Soinu Zahar txapelketako saioa. Gipuzkoa...
Legazpin jokatu da asteburuan Haurren Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa. Lehen sariak Aritz Maizak eta Amaia Aizpuruak lortu dituzte. Hiru legazpiar aritu dira
Legazpik beste behin hartu du Haurren Aurresku eta Soinu Zahar txapelketako saioa. Gipuzkoako Haurren 24. Aurresku Txapelketa izan da aurtengoa eta VI. Gazteen Soinu Zahar txapelketa. Epaimahaiaren arabera, Zizurkilgo Amaia Aizpurua izan da onena soinu zaharrean eta Alegiko Aritz Maiza aurreskuan.Txapelketa Latxartegi aretoan egin zuten larunbat arratsaldean. Bi orduz aritu ziren haurrak zein gaztetxoak. Sustraiak dantza taldearen ekimenez eta udalaren babesarekin egiten da txapelketaren kanporaketa Legazpin, eta dantza taldekoek, Goiz Deia txistulari taldearen emandako laguntza eskertzeaz gain, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrari ere egindako lana eskertu nahi diete. Esker ona dantzariei, irakasleei eta gurasoei ere luzatu diete.
Oholtza gainean hamalau neskatila dantzatu ziren soinu zaharrean, eta aurreskuan hamar mutil. Tartean, hiru legazpiar aritu ziren. Hain zuzen, Ane Arrizabalaga eta Nahia Lopez aritu ziren soinu zaharrean eta Markel Garmendia aurreskuan. Antolatzaileen arabera, Legazpiko dantzariek emandako maila nabarmena izan zen eta horren isla da Ane Arrizabalaga hirugarren sailkatu zela; «ikasturtea indartsu hasi dute dantzari legazpiarrek».
Inauterietara begira
Sustraiak taldeak euskal dantzaren harra zabaldu nahian egiten duen lanaren barruan, hurrengo geldialdia inauterietan egingo dute, otsailean. Hasi dira dagoeneko inauterietako igandean dantzatuko duten konpartsaren entseguak, edozein legazpiarri irekiak direnak. Astearteetan eta ostegunetan egiten dituzte saio horiek.