Mikel Bravok eta Gorka Gomezek egingo dute ikastaroa otsailaren 12an hasita. Izena urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra eman ahalko da. Jardun «freskoa» izatea nahi dute
Ikatzaren aurtengo oinarrizko argazki ikastaroak berezitasun bat dauka. Izan ere, elkarteko bazkide gazteenek emango dute. Mikel Bravo (Legazpi, 1984) orain bi urtetik da Ikatzako kidea eta Gorka Gomez (Legazpi, 1996) duela sei bat urtetik. Biek laguntzaile lanak egin izan dituzte aurreko ikastaroren batean. Oraingoan, ordea, ikastaroa osotasunean kudeatuko dute. Gomezen hitzetan, «eskolak ahal bezain dinamikoak» egin nahi dituzte: «Ikastaro freskoa izan dadila nahi dugu eta zuzenean hariari helduko diogu».
Ikastaroan parte hartzen dutenek kamera eraman, eta digitalak izango direla aurreikusita, «zuzenean argazkigintza digitalari buruz arituko gara». Izena urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra eman ahalko da kultur etxean. Ikastaroa otsailaren 12an hasi eta martxoaren 15era arte egingo dute. «Amaitzen denerako kamera kontrolatzen jakingo dute», agindu du Bravok.
Matrikula eta bazkidetza
Ikastaroaren matrikula 50 eurokoa da eta matrikulak berak 2018. urtean Ikatzako bazkide izateko aukera emango die. Bazkideak astearteetan eta ostegunetan biltzen dira kultur etxean daukaten egoitzan. Astearteetan, batik bat, elkartearen inguruko gaiak lantzen dituzte eta ostegunak ikasten ematen dituzte. «Hilabete bakoitzean bi argazki entregatu, eta lehiaketatxoa egiten dugu bazkideen artean», dio Bravok. Biek ala biek azpimarra egin diote Ikatzan daudenetik ikasi duten «guztiari».
Ikastaroaren berri sarean zabaltzeko ahalegina egiten ari dira. «Jakin badakigu gazte jendeak sarera jotzen duela», azaldu du Bravok. Izan ere, gazteak ikastarora joatea nahiko lukete, «Youtuberekin ikasi daiteke, baina hemengo giroa ez dute sarean aurkituko», gehitu du.
Gomezen eta Bravoren artean adin tartea dago eta lehenak bigarrenaren oroitzapena dauka: «Parkean egon eta bera argazkiak egiten ikusten nuela gogoratzen naiz». Kamerarekin harreman estua dute biek. Gomezek oporretarako arrebari kamera eskatu zion behinola eta orduz geroztik ez du erantzi. Bravorena astiroago joan da, baina duela bi urte Ikatzan dagoenetik bere zaletasuna hazi egin da.